2030 Ekintza Plana gorpuzten hasteko aurrekontua bozkatuko dute gaur
Ordiziako udalbatzak 15.562.379,45 euroko aurrekontu proposamena bozkatuko du gaur arratsaldean, osoko bilkuran. Etorkizuneko Ordizia eraikitzen hasteko aurrekontua dela dio udal gobernu taldeak.

Ordiziako Udal Gobernuak 2022 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu eta bozkatuko du, gaur 18:00etatik aurrera egingo duten abenduari dagokion ohiko osoko bilkuran. 15.562.379, 45 euroko aurrekontu proposamena da, azken urteotako altuena, eta inoizko altuena, seguruenik.
Aste honetan, azken hilabeteetako lanaren emaitza izan den proposamen honen xehetasunak azaldu dituzte. Adur Ezenarro alkateak adierazi duenez, «azkeneko sei urteetan lehenengo aldiz, urtea amaitu baino lehen, aurrekontua onartzea lortuko dugu». Hori gertatu zen azkeneko aldia, 2014ko abenduan izan zen. 2022ko aurrekontua, 2021a bukatu baino lehen onartzeak «esfortzu handia» ekarri duela adierazi du Ezenarrok, eta nabarmendu du, «Maitane Alvarez alkateordearen ekimena eta lorpena» izan dela aurrekontu proiektua «garaiz amaitzea», eta «prozesu osoan lagundu duten udal langile guztiena». Ordizia Orain taldearen ekarpenak ere jaso dituzte hurrengo ekitaldirako aurrekontu proiektu proposamenean, eta gainontzeko alderdiek ekarpenik ez dute egin.
Adierazi bezala, 15 milioi eta erdi euro inguruko aurrekontu proiektua jarriko dute gaurko osoko bilkuran, mahai gainean. Kopuru horretatik, bi milioi pasatxo, inbertsioetara bideratzen dira. Horrez gain, aipatu behar da, aurrekontuak ez duela Udal Lurzoru Ondarea deritzon funtsetik jasoko diren 1,9 milioi euro.
2030 Ekintza Plana
Proposamen honek oinarrian du, COVID-19ak eragindako geldialdian egindako hausnarketa sakona, eta 2030 Ekintza Plana. Ezenarro alkateak nabarmendu duenez, «Ordizian 2030 Ekintza Plana gorpuzten hasiko» dira, bertan jasotzen baita datozen 10 urteetarako Ordiziak duen norabidea.
Etorkizuna errealitate bihurtzeko ekintza zehatzak burutzen hasiko dira orain, baina estrategia eta plangintza baten baitan, eta ez inprobisatua. Helburua da, «etorkizunean irudikatu dugun Ordizia eraikitzea», hau da, «berdintasunean oinarrituta, bizi kalitate komunitarioa sustatzen duen harrera herri euskalduna, sortzailea, berritzailea, eta trantsizio ekologikoa bultzatzen duena».
Aurrekontu proposamenaren ardatz nagusiak ere aletu zituzten. Alde batetik, eguneko zentroaren ondoan kokatuko den eguneko arreta zentroa eta igogailu berria eraikitzea, etxez etxeko zerbitzua indartzea, eta Elikadura Bankuarekin elkarlanean eskaintza hobetzea proposatzen dira.
Bestetik, irisgarritasunean hobekuntzak. Barrena eta Barretxe edo Jakesen igogailuak jartzea, eta Altamira auzoa eta Tximista lotuko dituen igogailuaren proiektua eta lanak martxan jartzea jasotzen ditu aurrekontuak. Datorren urtean zehar ere, tren geltokiaren bi nasak modu irisgarrian eta seguruan lotzeko proiektua martxan jarriko du Adifek eta horrek igarobide publiko berria ere irekiko du San Bartolomerantz. Udalak egingo duen artxiboaren lekualdaketarekin, Anbulatorioaren hedapena egin ahal izango du Osakidetzak ere.
Bukatzeko, ingurumenaren zaintza kontutan hartuz, energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi da. Plazaren gainean eta Urdanetan ikastetxean panel fotovoltaikoak jartzeko ekimenak martxan daude, eta udalaren zentral hidroelektrikoa berreskuratzekoak ere bai.
Bestalde, 2021 urtea amaitu baino lehen aurreikusten da Ordiziako Udalarena den San Joango a.20.3 orubearen salmenta eskrituratzea. Salmenta horrek 1.681.810 euro gehituko dizkio udalari, baina ez dira aurrekontuan zuzenean islatuko, Udal Lurzoru Ondareari (Patrimonio Municipal de Suelo) atxiki behar zaizkiolako.