Mende erdikoa izatera iritsi da
Ormaiztegiko 50. Ziklo-Kros proba jokatuko da igandean. Moldaketak egin behar izan dituzte ibilbidean. Gorka eta Ion Izagirre lehian ariko dira
Euskal Herriko ziklo-kros zirkuituko azken proba igandean jokatuko da Ormaiztegin. Efemerideei begiratuta, berezia izango da gainera, 50. edizioa baitu. Iaz eginahalak egin zituzten urteurren borobil hori ospatu eta probari nazioarteko izaera emateko. UCIk baimena emana zien, baina hurrengo astean konfinamendua iritsi zen, eta etsi egin zuten bide horretan. Euskadiko Federazioarekin hitz egin zuten gero, eta baldintzen protokoloa beteta, urtarrilaren 3rako jarri zuten data. Baina bigarren olatua iritsi zen gero, eta Eusko Jaurlaritzaren araudi berria aintzat hartuta beheko mailako probarik ez eta publikorik ere ez, ez egitea erabaki zuten.
Aurten bai, aurten egingo da. Maila guztietako lasterketak egingo dira, eta publikoak lasterketa jarraitu ahal izango du. Hori bai, oraindik ere ezingo dute beti-betiko eran egin, eta ibilbidean moldaketa batzuk egin behar izan dituzte. «Helmuga ez da herrigunean egongo, bainuetxean baizik, trenzubiaren azpialdean. Itxune atzeko zelaiari probetxu gehiago aterata, 2.700 metroko ibilbidea osatu dugu», zehaztu du Angel Elortza ziklo-krosaren koordinatzaileak.
Estatu mailako lasterketa izango da 50.a. «Egun berean Kantabriako txapelketa dago, eta Munduko Kopako lasterketa bat ere bai. Kantabrian, gaur egun, hemen baino maila hobea dago ziklo-krosean, eta Kevyn Suarez, esaterako, han izango da». Gorka eta Ion Izagirre anaia ormaiztegiarrak 2019an lehen eta bigarren sailkatuak, Jonathan Lastra bilbotarra Euskadiko txapelketan hirugarren bi anaien atzetik Martin Mata burgostarra Beasaingo ziklo-krosaren irabazlea eta Aitor Hernandez ermuarra dira irabazteko hautagai nagusiak.
Zirkuitua lehorra egongo da, eta lehenengo itzuliko denboraren arabera, 6 edo 7 itzuli eman behar dizkiote elite eta 23 urtez azpikoek. Sari banaketa ekitaldian «ahal bezain azkar egingo dugu», Juantxo Gorostidi ziklo-kroslari urnietarra omenduko dute. «Hiru aldiz Espainiako txapeldun izana da, bederatzitan azpitxapeldun, baina Ormaiztegin irabazi gabea da».
Bederatzi urtez egin gabe
Ormaiztegin 1962an antolatu zuten aurrenekoz ziklo-krosa. Hiru urte egon ziren egin gabe (1976, 77 eta 78), eta beste sei urte gero. Aurten, urrezko ezteiak ospatuko ditu, baina ez nahi bezala. Kirol honekiko grinak, ordea, ematen die segitzeko adorea.