Urte berria, talde berria, erronka berriak
Lasterketa «berezitzat» daukate Gorka eta Ion Izagirre anaiek jaioterrikoa. Aita Joxe Ramonen ibiliari jarraituz, gustuko diziplina dute eta sasoi puntu onean datoz. Biek ala biek maillota estreinatuko dute.
Gogotsu» daude Gorka (Ormaiztegi, 1987) eta Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989) igandeko ziklo-krosari begira. «Etxeko» lasterketa dute, eta «berezitzat» daukate. Joxe Ramon Izagirre ziklo-kros txirrindulariaren semeak izanda, txikitatik ezagutu duten ziklismo diziplina da haientzat, eta gustuko dute. Haren aldeko aldarrikapena ere egin dute biek ala biek: «Talde askok errezeloak izan dituzte, baina orain ikusten ari dira ziklo-krosa eta errepidea bateragarriak direla. Wout Van Aert eta Mathieu Van der Poel dira horren adibide». Hauxe Ionen ustea. Gorkak honako gehitu du: «Txirrindulariok eskumen gehiago dugula ematen du orain. Lehen lotuago geunden. Sasoi puntua hartzeko asko laguntzen dit niri behintzat».
Kazakhstango Astana taldean egin dituzte azken hiru urteak bi anaiek, eta hango buru Aleksandr Vinokurovek ziklo-krosean lehiatzeko oztoporik ez die jarri. Eskertuta daude. Movistarrekin lehiatzen zirenean ez zieten aukerarik eman.
Elastiko urdin-argiarekin lehiatu dira ziklo-krosean aurtengo udazken-neguan. Gorka lau probatan aritu da, eta Ametzagan eta Abadiñon irabazi egin du. Joan den igandean, Aiaran, Euskal Herriko txapeldunorde atera zen anaiaren atzetik. Ionek Elorrioko, Ametzagako eta Aiarako ziklo-krosetan parte hartu du, azken hori irabaziz. Igandekoa izango dute denboraldiko azken ziklo-krosa. 2019an haiek sailkatu ziren lehen eta bigarren.
Elastiko berria, ofiziala ez
Errepideko txirrindularitzako kontratuak urte naturalari lotuak egon ohi dira, eta ez batek ez besteak ez dute jarraituko Astanan. Gorka Movistarrera itzuli da, eta han ariko da datozen bi denboraldietan –baita Alex Aranburu ere–. Taldeko egitura ezaguna zaio, eta lasai dago zentzu horretan. Ionek, berriz, haize berria izango du, Cofidis talde frantziarrarekin fitxatu baitu. «Filosofia berrira ohitu behar, frantsesa ikasi… Herrada anaiak hor daude, Bingen Fernandez eta Gorka Gerrikagoitia zuzendariak ere bai. Ondo nago».
Gorkak elastiko beltz batekin korrituko du Ormaiztegin, eta Ionek bigarren ekipazioarekin. Movistarrek hurrengo asteburuan aurkeztuko du taldea eta aurtengo ekipazioa Madrilen, eta Cofidisek Parisen, urtarrilaren 6an. Segidan, hamabost eguneko kontzentrazioa dute: Movistarrek Almerian, Cofidisek Calpen (Alacant). Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian egingo dute topo errepidean.