Goierriko eta Lapurdiko ikastolen zozketan hiru lagun saritu dituzte
Hazia kultur elkarteak aurtengo Gabonetan ezin izan du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunik antolatu, pandemiagatik. Baina urteroko zozketa egin dute, HITZAren egoitzan. Ziburura eta Lazkaora joan dira sariak.
Urruña, Ziburu eta Goierriko ikastolek bat eginik jarraitzen dute, pandemiak pandemia. Hazia kultur elkarteak urtero Ordizian antolatzen duen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna ez da Gabonetan egin. Egoera onbideratzen denean, aurrerago antolatuko dutela hitz eman dute. Bien bitartean, ordea, errifen zozketa egin dute, eta hiru sari handi banatu dituzte.
Goierriko Hitza-Goiberri hedabideen egoitzan egin dute zozketa, gaur goizean. Bertan izan dira Hazia elkarteko Agus Zinkunegi, eta Lapurdiko ikastolekin elkartasunez lankidetzan aritzen diren Andramendi (Beasain), Jakintza (Ordizia) eta San Benito (Lazkao) ikastoletako haur bana. Nahiak Garazik eta Jakesek atera dituzte hiru sarien txartel bana.
Hauek dira zozketako zenbaki sarituak eta saridunak:
- saria (asteburu bateko egonaldia lau lagunentzat Port Aventuran): 0259 zenbakia, Izaskun Mintegi (Lazkao).
- saria (Ataungo Urbitarte sagardotegian zortzi lagunentzat afaria): 0509 zenbakia, Haizea Agirre (Ziburu).
- saria (Ziburuko Pausu auzoko Xaia ostatuan zortzi lagunentzat afaria): 0106 zenbakia, Edurne Asensio (Lazkao).
Urtero bezala, Goierriko ikastolek eta Hazia kultur elkarteak Ziburuko Kolegioari eta Urruñako Ikastolari laguntzeko garatu dute ekimena.