Goiz Deia txistulari banda Madrilen izan da asteburuan jotzen
Euskal Etxeak gonbidatuta, hiri erdiguneko San Ignazio edo euskaldunen elizan egin dute emanaldia, Oñatiko Aita Madinaa taldeko beste txistulari batzuekin batera.
Madrilgo Euskal Etxeak gonbidatuta eta Iñaki Mendinueta legazpiar jatorriko madrildarraren bitartekaritzaz, Legazpiko Goiz Deia txistulari banda hiri horretan izan da asteburuan, bertako San Ignazio edo euskaldunen elizan jotzen. Oñatiko Aita Madina txistulari taldeko kide batzuk izan dituzte lagun.
Mendinueta izan da legazpiarren eta oñatiarren emanaldi honen sustatzailea. Iazko abuztuan Legazpira egindako bisitan, Goiz Deiakoekin jotzeko aukera izan zuen Brinkolako kalejiran, eta etorkizunean elkarlana gauzatzeko bideak ireki zituzten bi aldeek. Mendinueta txistularia izan da urte askoan Madrilgo Euskal Etxean, eta noizean behin txistua jotzen du San Ignazio elizan ere.
Iker Azpeitia Goiz Deiako txistulariak azaldu duenez, “oso esperientzia polita izan da. Jendea oso eskertuta zegoen, aspaldian hainbeste txistulari elkarrekin jotzen ikusteko zeudelako. Euskaldun asko inguratu zen elizara”.
Larunbat arratsaldean egin zuten emanaldia txistulariek San Ignazio elizan, eta hurrengo egunean, Euskal Etxetik eliza horretara egin zuten San Sebastian danborradan ere parte hartu zuten, eta Esteban Urtzelai oñatiarrak zuzentzen duen Euskal Etxeko abesbatzarekin batera berriz jo zuten bertan. “Agur Jaunak interpretatuz amaitu genuen, eta oso hunkigarria izan zen!”.