Bihartik aldaketak izango dira Legazpi eta Oñati arteko autobus zerbitzuan
Zumarragatik etorrita, Legazpitik Arrasateraino zuzenean joango da autobusa, eta handik Oñatira. Astegunetan 30 minuturoko maiztasuna izango du, eta asteburuetan 60 minuturokoa. Udanako mendatea itxita dagoen bitartean egongo dira indarrean aldaketak .
Lurraldebus autobus zerbitzuak ibilbide eta ordutegi berriak jarriko ditu indarrean bihar, Zumarraga eta Legazpi Arrasaterekin eta Oñatirekin lotzen dituen DG04 linean. GI-2630 errepidearen mozketaren eta Udanako mendatean egiten ari diren lanen ondorioz egindako aldaketak dira.
Bihartik aurrera, Legazpi eta Oñati arteko bidaia transbordorik gabe ahal izango da, 50 minutuko iraupenarekin, baina Arrasatetik bueltan. Hauxe izango da ibilbidea: Zumarragako geltokitik aterata, Legazpira joango da autobusa, Saturnino Telleriara, eta hortik zuzenean joango da Arrasatera, Erdigune-Kontzezino geldiunera, handik Oñatira joateko. Oñatitik Legazpirako ibilbidea alderantzizkoa izango da, eta Legazpitik Zumarragara joango da gero autobusa. Deskargako autobidetik egingo dituzte joan-etorriak.
Autobusen maiztasuna 30 minuturokoa izango da astegunetan,eta 60 minuturokoa asteburuetan.
Ordutegiak kontsultatzeko eta informazio gehiagorako: www.lurraldebus.eus edo 900 300 340.