Legazpiko zortzi dantzari gazte arituko dira lehian aurresku txapelketan
Bihar abiatuko da Latxartegin gazte mailako gipuzkoar erako aurresku txapelketa. Sustraiak dantza taldeko zortzi dantzarik parte hartuko dute. Finaletako bat, Legazpin izango da, maiatzaren 14an.
Legazpiko dantzari gazteak prest daude berriz ere gipuzkoar erako beste aurresku txapelketa bati aurre egiteko. Bihar abiatuko da txapelketaren laugarren edizioa, Latxartegi aretoan 16:30etik aurrera jokatuko den ligaxkako lehen saioarekin.
Amaia Azpeitia, Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, June Osinalde, Laia Arruabarrena, Maria Sanchez eta Naroa Sanchez dira dantzariak. Guztiak Sustraiak taldeko kideak dira. Goierriko ordezkari bakarrak dira legazpiarrak.
Adinen arabera hiru mailatan banatuta, 2007 eta 2014 bitartean jaiotako 32 dantzari arituko dira lehian guztira. Legazpikoekin batera, Elgoibar, Andoain, Pasai Donibane, Lezo, Oiartzun, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Anoetako gazteak arituko dira txapeldun tituluaren bila.
Goiz Deia txistulariak
Ohi bezala, Goiz Deia txistulari bandako kideak arituko dira dantzariek eskaini behar dituzten dantzei musika jartzen, eta epai lanetaz, berriz, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko hiru kide arduratuko dira, Idoia Beasada, Katerin Artola eta Maria Ferreiro, hain zuzen. Sustraiak dantza taldeak eta udalak antolatuta egingo da biharko saio hau.
Dantzariek bina dantza egin beharko dituzte. A sailekoek, Ormatxulo eta Agurra dantzatu beharko dituzte. Legazpiarretatik, Araitz Berasategi eta June Osinalde lehiatuko dira sail honetan. B sailekoen dantzak Hondarribi handia eta Zortzikoa izango dira, eta bertan arituko dira Jon Alberdi, Irune Azpeitia eta Maria Sanchez. Azkenik, D sailekoei Aurkez aurke edo Desafioa egokitu zaie, eta horretan Laia Arruabarrena, Amaia Azpeitia eta Naroa Sanchez sartzen dira.
Finaletako bat, Legazpin
Biharko saioaren ondoren, aurresku txapelketa maiatzaren 14an itzuliko da Legazpira. Orduan, D sailekoen finala jokatuko da bertan. A eta B sailekoena hurrengo egunean Errenterian jokatuko da.
Bestetik, finaleko sailkapenak erabakitzeko ligaxka otsailaren 13an Villabonan, martxoaren 13an Elgoibarren, martxoa-
ren 27an Lezon, eta apirilaren 9an Lezon jokatuko da.