Kartelak eta publizitatea jartzeko gune gehiago egokitu ditu Legazpiko Udalak
Herrian 13 gune daude, eta gehien erabiltzen direnak handitu egin ditu panel gehiagorekin. Paneletatik kanpo jarritako kartelak kendu egiten ditu udalak.
Legazpiko Udalak gune gehiago egokitu ditu herrian zehar, kartelak eta publizitatea jartzeko. Orain guztira 13 gune daude panelez osatuta, herritarrek kartelak eta informazio oharrak modu ordenatuan jartzeko. Panel horietatik kanpo jartzen diren kartelak, kendu egiten dituzte.
Gune horien funtzioa udalerriko hormak eta fatxadak garbi egotea da alde batetik, eta bestetik, herritarrek askatasunez adierazteko espazioak bermatzea eta sustatzea.
Udalak azaldu duenez, informazio gune horietatik kanpo jarritako kartelak ugaritu egin dira, eta horregatik panel gehiago jarri ditu futbol zelaiko parkearen ondoan, Euskal Herria plazan, Kale Nagusian Txomineneko pasagunean, Nafarroa kalean Euskaltegi ondoan, Laubiden Sanchez dendaren ondoan eta Santikutz kalean Latxartegiko paretan. Gainerako guneak toki hauetan daude: Kale Nagusian Eroski ondoan, Brinkolan Armuño elkartearen ondoan, Telleriarten, Bikuña kiroldegian, Latxartegi parkean ikastolaren ondoan, Juanastegira doan igogailu ondoan eta Laubiden Maiatza taberna ondoan.
Jarri diren panel berrien kostua 789,89 eurokoa izan da.