Udalak 527.000 euro gastatu ditu eraikin eta bide publiko eta eskoletan
Inbertsioak egiteko zailtasunak izan ditu pandemiagatik, dirua laguntzetara bideratu duelako. 2021ean berreskuratu ditu hobekuntza lanak. Eskola eraikinetan 88.999 euro inbertitu ditu
Legazpiko Udalak 527.000 euro inbertitu zituen 2021ean, herriko eraikin eta bide publikoetan eta eskola eraikinetan. Iazko ekitaldian zehar egin dituen lan guztien zerrenda ikusgai dago www.legazpi.eus webgunean, lan bakoitzean gastatutako diru kopuruak zehaztuta.
Zerrenda hori argitaratzearekin batera, inbertsioak egiteko garaian pandemiak sortu dizkion eragozpenak aipatu ditu udalak: «Udal diru baliabideak kaltetutako pertsonei, familiei eta jarduera ekonomikoei laguntzeko bideratu behar izan ditugu eta, beraz, atzeratu egin dira egin beharreko inbertsioak». 2021ean sartuta, ordea, herriko «hobekuntza lanak» berreskuratzen joateko aukera izan du.
Udalak ezin izan ditu burutu aurreikusitako lan guztiak, baina 438.100 euroko balioko jarduketak egin ditu eraikin eta bide publikoetan, eta 88.999 euro gastatu ditu eskola eraikinetan.
Eraikin eta bide publikoak
Bikuña kiroldegian gastatu du gehien inbertsioetan 2021ean zehar, 65.307 euro. Zelula fotovoltaikoak instalatu ditu, igerileku handian konponketa lanak egin ditu, eta kanpoaldean bizikletak aparkatzeko gune bat egokitu du.
Inbertsioen ataleko bigarren gasturik handiena Urtatzako irisgarritasuna hobetzeko lanena izan da; 60.942 euro inbertitu ditu 57tik 61ra arteko atarietan arrapalak egiteko. Bestetik, Laubideko igogailu ondoko bidea egiteko 52.647 euro eta Bikuña jauregia konpontzeko 48.362 euro erabili ditu.
Aipagarriak dira, baita ere, Telleriarteko haur parkearen konponketa (18. 200 euro), Olaberriko burdinolaren azterketa arkeologikoa (10.643 euro), Bikuña Txikiko argiztapena eta bizikletak garbitzeko gunea (23.997 euro), Agirre-etxeberri parkean eta igogailuetan jarritako kamerak (15.914 euro), eta errekak babesteko sareak (12.977 euro).
Eskola eraikinetako lanak
Herriko eskola eraikinetan ere egin ditu hobekuntza lanak udalak. Domingo Agirre eskolan 49.197 euro gastatu ditu sarrera ixteko lanetan eta karpa bat alokatzeko. Haztegi ikastolan, berriz, 32.6289 euro inbertitu ditu gimnasioa bernizatzen, igogailuaren kabina aldatzen eta Latxartegi haur eskolako patioan.
Bestetik, Itxaropeneko haur eskolan sarrera margotu eta biniloak jarri ditu (2.952 euro), eta San Juangoan eguzki oihala instalatu du (4.200 euro).