Hegatsak astinduz, igeri
Ordiziako IX. Hegats Igeriketa saria jokatuko da otsailaren 12an Majorin. Azken edizioko bi irabazleak lehian izango dira, Irati Lakuntza eta Oier Irisarri
Iazkoa modu xumeagoan egin ondoren, Ordizia KE Urpekoak taldeak Ordiziako IX. Hegats Igeriketa saria antolatu du otsailaren 12rako EHUIF Euskal Herriko Urpeko Ihardueren Federazioaren laguntzarekin eta Ordiziako Udalaren babesarekin. Majori kiroldegiko igerileku estalian jokatuko da sariketa. Goizen sailkapen probak izango dituzte, eta arratsaldean finalak.
Euskal Herriko lau klubetako igerilariak bi Nafarroakoak eta beste bi EAEkoak, Kataluniako hiru klubetakoak, eta Balear Uharteetako, Gaztela Leongo eta Aragoiko klub banatakoak ariko dira lehian, denera 160 inguru. Partaideen artean daude Espainiako selekzioarekin Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu diren hainbat igerilari.
Izenak nabarmentzen hasita, Irati Lakuntza tolosarrarena (Igarondo Urpekoak) da aipagarriena. Estatu mailako hegats-igerilari onena da gaur-gaurkoz. 2021ean urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zituen Espainiako Txapelketan. Mutiletan, Oier Irisarri iruindarra da kirolari aipagarriena. Donibane klubean ibilia, egun Bartzelonako Mediterranin dabil. Bi igerilariok Munduko Txapelketan parte hartu zuten iaz Espainiarekin, eta Ordiziako 2020ko sariketan irabazle izan ziren. Ordiziako klubeko hegats-igerilari nabarmenena Josu Sarasola itsasondoarra da.
Hiru modalitate
Igerilariak hiru modalitatetan ariko dira lehian, distantzia ezberdinetan: Urazalean (tutuarekin), Apnean (arnasarik hartu gabe) eta Eskafandran (oxigeno botilarekin). Markagailu elektronikoa egongo denez, lortutako denborak ofizialak izango dira, eta CMAS taularen arabera ebatziko da podiuma.
Hegats-igeriketan ohikoan baino abiadura handiagoan egiten da igeri, eta horren kirol ezaguna izan ez arren, Ordizian tiradizo handia du. 1960ko hamarkadan sortu zen kluba, eta XXI. mende hasieran Nazioarteko Hegats-Igeriketa Sariketa antolatu izan zuten hainbat urtez.