Ilintxa gaur hasiko da 75. urtemugako ekitaldiak ospatzen
Futbol elkarteak 2020ko azaroan bete zituen 75 urte. Pandemiak ez dio orain arte utzi ospakizunekin hastea. Kirola, kultura eta festa uztartuko dituzte ekitaldi sortan. Gaur, argazki erakusketa zabalduko dute.
Ilintxa kirol elkartea hasi da azkenean bere sorreraren 75. urteurrena ospatzen. Gaur argazki erakusketa bat irekiko du Kultur Etxean, eta hilaren 18ra arte egongo da ikusgai, 75 urte horiei irudien bidez errepasoa eginez. Hemendik aurrera, ekitaldi zaparrada etorriko da.
Irudi asko bildu dituzte, 50. urteurrenean argitaratu zuten libururako egindako bilduma baliatuz, eta azken 25 urteetan ateratako argazkiekin osatuz, 500-600 irudi guztira. Taldeko argaz- kiak dira gehienak, eta asko falta direla diote antolatzaileek, batez ere azken urteetakoak. Erakusketa hori aurrerago kalera ateratzeko asmoa dute, eta, amaitzeko, Ilintxaren instalazioetan gordeko dute, klubaren ondarea osatzen duelako.
Atzeratutako ospakizuna
Erakusketarekin, urteurrenaren ospakizuna martxan hasi da, 2022 osora luzatzeko bokazioarekin, eta egutegian zegokiona baino bi urte beranduago ia.
Izan ere, Ilintxak 2020ko azaroaren 15ean bete zituen 75 urte, baina pandemiak zapuztu zizkion urtebetetzea ospatzeko planak. Data hura, hala ere, gogoratu ahal izan zuten ekitaldi xume batekin, eta klubaren lehen taldeko argazki handi bat jarri zuten Itxaropeneko eskaileretan, Jesus Castillejo sortzen ari den ereserkiaren lehen doinuak aurkeztearekin batera.
Klubarekin lotura duen jendeak osatutako lantaldea arduratzen ari da ospakizunen egitarua antolatzeaz. Egitarau horrek hiru alderdi jorratuko ditu: kirola, kultura eta festa.
Kirola, Realaren laguntzaz
Kirol ekitaldietarako, Realaren laguntza izango dute. Realeko eta Ilintxako beteranoen topaketa, kimu mailako torneoa, kadete mailako txapelketa, Genuine ligako norgehiagoka, herriko Futbol Zazpi txapelketarekin lankidetza… dira kirol agendarako proposamen batzuk.
Hitzaldiak edo mahai inguruak ere sartu behar dira agenda honetan. Horretarako, Dani Garrido kirol kazetariaren laguntza izatea espero dute, eta futbolaren munduko pertsona ezagunak gonbidatzea da asmoa.
Kultur ekitaldiak
Realak kultur agenda osatzen ere lagundu die, eta haren bitartez Jokoz kanpo antzezlana ekarriko dute Legazpira, adibidez.
Musikak, bestalde, toki nabarmena izango du ospakizunetan, eta Ilintxaren eserkiaren estreinaldiaz gain, Jesus Castillejoren eta bandaren laguntzarekin emanaldi zerrenda bat ari dira prestatzen. Bandak, esaterako, keinu batzuk egingo dizkio klubari bere kontzertuetan.
Festak ere badu tokia
Festa kutsua ere izango du Ilintxaren 75. urteurrenak, eta zentzu hori emango diote Zubietara Realaren entrenamendua ikusteko egin nahi duten irteerari. Data zehazteke dago oraindik.
Baina festarik izango bada, uteurrena ixteko egin nahi duten bazkarian izango da. Ilintxaren familia osatu eta osatzen duten legazpiarrak elkartu nahi dituzte mahaiaren inguruan, bazkari handi bat eginez. Agorreko Santikutzetan izango da.