Legazpiko Treba Gazteak programa, inguruko herrietako gazteei ere irekita
Gazteen ahalduntzea helburu dutela, bi tailer egingo dituzte Legazpiko Kultur Etxean. Lehen tailerra otsailaren 11n izango da, eta adimen emozionalaren gaia landuko dute. Izena eman behar da, hilaren 8rako.
Gazteen ahalduntzea helburu duen Treba Gazteak programan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Legazpiko Udalak inguruko herrietako gazteei.
Adimen emozionala lantzeko bi tailer izango dira programaren funtsa, eta lehena datorren astean, hilaren 11n emango du Jone Zalduegik Adimen emozionala: zer sentitzen dut? izenburupean. Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian izango da, euskaraz, 17:00etatik 20:00etara. Bigarren tailerra Ainhoa Urretagoienak emango du, martxoaren 4an: Auto-ezagutza: Zeure burua maitatzen ikasi.
Bi tailer hauetan parte hartzeko 18 eta 30 urte bitartekoa izan behar da, eta aldez aurretik izena eman behar da Foru Aldundiaren webgunean. Lehen tailerrerako izen-ematea otsailaren 8an amaituko da.
Treba Gurasoak
Treba Gazteak gazteen ahalduntzera bideratutako ekimen pedagogikoa da eta Treba Gurasoak programarekin batera, Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren lankidetzarekin.
Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako Treba Gurasoak aste honetan bertan abiatu da. Otsailean zehar eta maiatzean hiru hitzaldi izango dira, emozioak identifikatu eta kudeatzearen garrantzia lantzeko.