25. idazlearen bilaketa, abian
Igartza Literatura bekara proposamenak bidaltzeko epea zabalik dago. Sortzaile hasiberriei zuzenduta dago. Gerora izen handiko idazleen harrobia izan da
Igartza Literatura-sorkuntzako bekaren 25. edizioa martxan da. Proposamenak ekainaren 30era arte aurkeztu ahal dira, Igunean edo Beasaingo Udaleko erregistro elektronikoan. Epaimahaiak bat hobetsiko du irailaren 15a baino lehen, hala badagokio; honek, 6.000 euroko laguntza jasoko du ideia garatu eta liburu formatuan argitaratzeko. Hori 2024ko udaberrian izango da.
Dirua CAFek, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak jarriko dute. Tren ekoizleak 4.000 euroko ekarpena egingo du eta udalak eta Elkarrek, bakoitzak, 1.000koa. Erdia irabazle izendatu bezain laster jasoko du eta beste erdia, lana amaitutakoan.
1998. urtean hasi zen hiru aldeen arteko elkarlana, «idazle gazte eta hasiberrie laguntzeko eta euskal kultura zabaltzeko». Gerora izen handiko idazleen harrobia izan da. Euskadi Sariak ere atera dira bertatik. Irati Goikoetxea da beka lortu duen goierritar bakarra. Hamalau emakumezkok jaso dute eta hamar, gizonezkok.
Parte hartzaileek 35 urte baino gutxiago izan beharko dute eta aurretiaz helduentzako bi lan baino gutxiago izan beharko dituzte argitaratuta. Igartza bekaren irabazleek ezingo dute errepikatu; narratibako lanak izan behar dira, eleberriak edo ipuin-bildumak. Euskaraz idatziak izan behar dira eta jatorrizkoak.
Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: egilearen izen- abizenak, nortasun agiriaren kopia, helbidea, harremanetarako posta elektronikoa eta telefono zenbakiren bat; landu nahi den kontakizunaren azalpena ere bidali behar da, bi eta lau orri bitartekoa. Sinopsia, egitura, estiloa… Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta hobe; 15-20 orriko lagina ere atxiki behar da. Ez du hasiera izan beharrik, baina bai segidakoa.
Txoperenak martxoaren 17an argitaratuko du ‘Ez erran inori’ lan saritua
Maddi Ane Txoperenak martxoaren 17an aurkeztuko du Ez erran inori eleberria. Idazle nafarrak 23. edizioa irabazi zuen sexu abusuak pairatu zituen neska baten istorioarekin. Urte eta erdi izan du ideaiari forma emateko eta orain plazaratzeko garaia heldu zaio. Igartzako Jauregian izango da aurkezpena, 19:00etan.
Lide izango da protagonista. Umea zela sexu-abusuak jasan zituen. Halere, nobela gazte eta heldu garaian kokatuta egongo da. «Lideren emozioetatik, bizipenetatik eta gorputzean sentitzen duenetik sexu-eraso batek eragindako ondorioetan zentratuko naiz».
Estilo zuzena eta gordina erabili duela aipatu du. Nafarroa iparraldeko eta Lapurdiko euskalkiak uztartu ditu, istorioa ipar Euskal Herrian kokatu baitu, Donapaleun eta Baionan. «Munduko edozein lekutan gertatu zitekeen istorio bat izan arren, interesgarria iruditzen zitzaidan Euskal Herrian kokatzea. Tentazioa izaten dugu pentsatzeko halako gauzak beti kanpoan gertatzen direla».