Ardi gazta eta barazki berrien garaian
Ez oraindik Idiazabal izendapenekoa, baina oso harrera ona egiten dio bezeroak ardi gazta berriari. Barazki berrien emariak zabalik jarraitzen du; mizuna atzo.
Otsail txikia badihoa», entzun dugu iritsi orduko. Hala da, atzo izan zen otsaileko Ordiziako azken azoka. Oraindik neguko tenperatura, 0-3 gradu artean ibili zen dantzan termometroa goizeko lehen ordutan, izotz polita ere bai tokika. Laster eguzki ederrak plaza eta giroa berotu zuen.
Ez ohiko barazki berri bat ekarri zuen atzo Iñaki Intxausti Zeraingo Mendartekoak, mizuna izenekoa: «Errukularen antza du, gustuan eta itxuran, eta ziazerbak bezala hostoz hosto ekarri dut nik». Kozinatua edota gordinik entsaladan jan daiteke. Sorta euroan salgai.
Udaberriko loreen lagina
Lore moztuetan lehen narzisoak ikusi genituen, 4 euroan sorta. Japoniar Cydoniarekin nahasian erromileta deigarriak mahai pare batean. Garaiz bada ere, udaberriko loreen lagin txiki bat, geranioak, Azanza eta Montesen postuetan.
Duela bost urteko prezioan
Gazta (gaztaia goierritar askorentzat) eskaintza handia dago Ordizian astero: behi gazta (bi ekoizle bertan), ahuntza, nahasia eta izen handiena duen ardi gazta ugari ere bai.
Poliki-poliki hasi dira artzainak gazta berria eskaintzen. Egin eta bi hilabete ontzen utzi behar da saldu aurretik eta lehenak Itziar Arizmendik, Mikel Lasak eta Axun Etxeberriak ekarri dituzte. Aralar eta inguruko larreetako ardien gaztak dira Intza, Orendain, Amezketa…
Eskaintzen diren lehen hauek ez dute Idiazabal Jatorrizko izendapen etiketarik nahiz eta egiteko moldea bertsua izan. Prezioa: 17 eta 19 euro artean kiloa. 2017ko prezio berean hasi da.
Eta eutsi ote dakioke prezio honi? Gotzone Sestorain Leitzako gaztagilearen esanetan, «19koa ezinbestekoa da eta garestitzea ere ez litzateke harritzekoa».
Arrazoia: «Argi faktura bikoiztu da, gasoila, janaria dena asko garestitu da. Gaztaren prezioa arabera igoko bagenu, ez dakit, koxka handia igo beharko genuke».
Eta bezeroek hori nola ikusiko luketen galdetuta, «bezeroei azalpenak eta arrazoiak eman eta ulertzen dute. Komunikazioan ere asmatu egin behar dugu». Zer pentsatua ematen du.