Estatua, hankaz gora ez dagoen bakarra
Zumarragako Udala Euskadi plaza berritzen ari da. Zenbait herritar Migel Lopez de Legazpiren estatua kentzearen edo tokiz aldatzearen aldekoak dira, baina oraingoz bere horretan jarraituko du.
Zumarragako Udala Euskadi plaza berritzen ari da. Zorua altxatu du eta harri pilak daude nonahi. Plaza bonbardatu dutela edo lurrikara bat egon dela dirudi. Ia dena hankaz gora dago. Gauza bakar batek jarraitzen du beti bezala: Migel Lopez de Legazpiren estatuak zutik jarraitzen du. Tinko. Herritar batzuk estatua kentzearen edo tokiz aldatzearen alde azaldu dira, baina hor jarraituko du. Alderdi politiko ezberdinen ordezkariek beraien iritzia eman dute.
Migel Lopez de Legazpi Zumarragan jaio zen 1500ean edo 1501ean eta Manilan (Filipinar Uharteak) hil zen 1572an. Mexico hiriko alkatea izan zen eta ondoren Filipinak kolonizatu zituen.
Zumarragako Udalaren webguneko informazioaren arabera, estatua 1897ko urriaren 2an inauguratu zen. Aurten 125 urte beteko ditu, beraz. Brontzezkoa da eta harrizko oinarri baten gainean dago. Aniceto Marinas eskultoreak egin zuen. Erreginaordeak 2.500 pezeta jarri zituen eta aldundiek, udalak eta zumarragar askok ere dirua eman zuten estatua egiteko. Estatua inauguratzeko, festa handi bat antolatu zen. Estilo figuratiboa du eta gizon katoliko eta kolonizatzailea erakusten du. Idolo bat ari da zapaltzen (maskara edo mozorro bat du hankapean).
Mikel Serrano alkatea estatua bertan mantentzearen aldekoa da. «Herritar gehienek hor mantentzeko esan didate. Norbaitek tokiz aldatzeko esan dit, baina inork ez kentzeko. Plaza berritu zen aurreko aldian ere, duela 30 urte, mantentzea erabaki zen».
Alkatearen ustez, zumarragarrak harro egon beharko lirateke. «Lopez de Legazpi Gipuzkoak eman duen pertsona esanguratsuenetako bat da. Kolonizatzailea izan zen, ez konkistatzailea. Ez zuen indarkeria erabili. Globalizazioaren lehen fasean parte hartu zuen. Gainera, askotan garai hura egungo betaurrekoekin begiratzen dugu. Getarian Elkanoren estatua dago, Ordizian Urdanetarena… Zumarragan Legazpirena egotea bidezkoa da». Gainera, ez omen du enbarazu egiten. «Sekulako plaza dugu. Erdian estatua bat egoteak ez du ekitaldi bakar bat antolatzea eragotzi».
Josu Aztiria EH Bilduko bozeramailearen ustez, plazaren berritzeak estatuaren kokapena berrikusteko aukera bikaina ematen du. «Plazaren berritzea aukera ezin hobea da Migel de Lopez de Legazpiren estatuaren kokapena berrikusteko. Estatua beste leku batera eramateak plazaren funtzionaltasuna, bizitasuna eta irisgarritasuna asko erraztuko lituzke. Estatuaren kokapen berria Legazpi dorretxea izan daiteke, Legazpirekin lotutako ondare guztia bertan kokatuz. Zumarragarron balioak (berdintasuna, aniztasuna, elkartasuna…) islatuko dituen plaza irisgarria, bizigarria eta funtzionala da bilatu beharko genukeena».
EAJko Josu Idigoras herrian sentsibilitate ezberdinak daudela dio eta herritarrei hitza ematearen aldekoa da. «Gai honetan tradizioa, historia eta praktikotasuna elkartzen dira. Estatuak ia 125 daramatza plazan eta bere garaian bizilagun batek mundu mailako ospea izatea eta plazan estatua jartzea ospatu egin zuten. Bizilagun batzuk iraganari errespetua zor diogula pentsatzen dute, iragan hori gustatu edo ez, eta estatuak plazan jarraitzearen aldekoak dira. Beste batzuk estatua Legazpi dorretxera eramatearen aldekoak dira, han jaio zelako eta estatuak plazaren erabilera mugatzen duelako. Gure ustez, erabaki bat hartu aurretik, udalak toki aldaketak zer suposatuko lukeen informatu beharko luke eta ondoren parte hartze prozesu bat martxan jarri. Herritarrek erabaki beharko lukete zer egin».
Idoloaren kontua
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitez estatua Legazpi dorretxera eramatearen aldekoa da. «Beharbada estatua jarri zuten herritarrenganako errespetuagatik, sekula ez da aztertu tokiz aldatzeko edo desagerrarazteko aukera. Baina gaia mahai gainean jarri beharko genuke behingoz. Niri gizon txuri, katoliko eta kolonizatzailearen errepresentazio patriarkal eta supremazista horrek hotzikara eragiten dit. Idolo bat zapaltzen ari da eta horrek berdintasunari eta beste kultura eta erlijioei zor zaien errespetuari eraso egiten dio. Gu estatua Legazpi dorretxera eramatearen aldekoak gara. Han, bere tokian, inor mindu gabe, Legazpi nor izan zen azaltzearen aldekoak. Gainera, plazan tokia irabaziko genuke: azokako postuentzat, haurrentzat eta ekitaldientzat».