Ikasleek Dolarea zuhaitzez josi dute
Murumendiko, Alkartasuna Lizeoko, La Salleko eta Andramendiko ikasleek 20 zuhaitz landatu dituzte, Leire Artolaren eta udaleko lorezainen laguntzarekin
Beasaingo Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleek Dolarea parkean 20 zuhaitz landatu dituzte. Bederatzi Gereziondo, lau Astigar, hiru Likidanbar eta bi Hagin. Parkeak ehun zuhaitz inguru ditu orain: Judasen arbolak, magnoliak, urki zuriak, sofora japoniarrak…
Ikasleak “gustura” aritu dira lanean. “Klasean baino dezente gusturago”, aitortu du batek. Errepikatu ere egin dute. Lorezaintza atsegin dutela esan dute. Baita ere, atizurrarekin aritzea. “Aitzurra erabilia naiz lehenago ere, baina zuloak egiteko”, esan du beste batek. Udaletxeko lorezainek zuloak prest zituzten gaur, eta ikasleek, langileen aholkuei jarraituz, kimuak landatu dituzte. Garai ona da horretarako, negua amaitzen ari denez izozteak izateko arriskua geroz eta txikiagoa da, tenperaturak epelagoak dira eta udaberrirako loratzeko prest egongo dira. Lorezainek udaberrian bisitan joateko gonbita egin diete ikasleei, nola hazi diren ikusteko.
Leire Artola alkateak herritarrei ere parkera joateko gonbita egin die, eta gogorarazi du Dolareako berdeguneak zapalgarriak direla. Artola bera ere aritu da zuhaitzak landatzen.
Alkateak zuhaitz eguna “ingurumena babestu eta zaintzeko helburuaren baitan” kokatu du. “Ezinbestekoa da gaurtik pauso irmoak ematen hastea”. Energia eta klima aldaketaren aurkako udal-plana, ibaien garbiketa eta landare inbaditzaileen erauzketa eta baso autoktono baten landaketa proiektua jarri ditu adibide gisa. Gazteei ere zuzendu zaie. Klima aldaketaren ondorioek “bereziki” beraiei eragingo diela ohartarazi du. “Udalak Beasaingo gazteengan eragin nahi du ingurumenarekiko sentsibilizazioan eta errespetuan sakontzeko”.