Konpromisoa eta ilusioa
Ordizia K. E. igeriketa taldeko igerilari Markel Etxeberriak Euskadi ordezkatuko du Espainiako taldekako igeriketa txapelketan, Malagan. Lehen aldia du horrelako hitzordu batean
Hitzordu garrantzitsua du Ordizia igeriketa taldeko Markel Etxeberria (Beasain, 2008) alebin mailako igerilariak asteburuan. Ostiraletik igandera Malagan jokatuko den Espainiako taldekako igeriketa txapelketan parte hartuko du, 200 metro bular proban, Euskadi ordezkatzen. Horrelako hitzordu handi batean parte hartzen duen lehen aldia da, eta aitzakia hori baliatuz, orain arteko bidea nolakoa izan den eta txapelketaren aurrean nola aurkitzen den kontatu nahi izan du.
Txikitan hasi zen igerian Markel. Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan eman zituen lehen urratsak, Imanol Etxeberria bere aitaren laguntzarekin. Ikastaro batzuk ere egin zituen Ordiziako igerilekuan bertan. Ondoren, Beasaingo igeriketa taldearekin hasi zen. «Bi-hiru urte» egin zituen Beasainen. «Ongi igeri egiten ikasteko helburuarekin sartu nintzen igeriketa taldean, egia esan, ez nuen konpetizioetan pentsatzen, baina iritsi zenez momentu bat, teknikoki hobetzen jarraitzeko gaitasuna izan banuela, baina ez nuenez aurrera egiten, taldez aldatzea erabaki nuen, hala, Ordiziako igeriketa taldean probatzera animatu nintzen», kontatu du bere adineko pertsona batengan harritzekoa den lasaitasun eta jarioarekin, eta aitaren laguntzarekin. Oso garbi ditu gauzak 13 urte izateko: «Igeriketa eskolaz kanpoko jarduera bat bezala ikusten dut, gustuko dudalako egiten dudan zerbait da, gozatzeko egiten dudana, baina honetan hasita, hobetzeko aukera edukita, zergatik ez gauzak ahal den ondoen egin?».
Gauza bat da, igerian ikastea, eta beste bat da, teknikoki egoki igeri egitea; bigarrena da Markelek nahi zuena, eta Ordizian dagoenetik, «eboluzio oso nabarmena» izan duela kontatzen du, ahaztu gabe, hona iristeko, «sakrifizioak» ere egin behar izan dituela. «Astelehenetik ostiralera egunero entrenatzen dugu, ordu eta laurden, ostiraletan ordubete». Kirol «exijentea» dela dio, baina momentuz behintzat, «ondo» uztartzen duela eskolarekin. «Kontua da ondo-ondo antolatzea denbora», esan du beste norbaiti ere lagungarri bazaio.
Markelek duen jarrerarekin, baina baita etxekoen babesari esker, eta noski, Garazi Lorenzo Ordizia igeriketa taldeko entrenatzailearen laguntzarekin, insistentziarekin eta aholkuekin, «denbora gutxian hobekuntza handia» egin du. Hainbeste, bihar arratsaldean hegazkin batean igoko dela Euskadi ordezkatuko duen bederatzikoan egoteko.
Presiorik ez, gozatzera
Urtean zehar egiten dituzten igeriketa jardunaldietan, lortutako markak eman dio txartela. «Sorpresa handia» izan dela aitortzen du, «jakin berritan sinetsi ezinda geratu» zela, eta orduak behar izan zituela guztia asimilatzeko. «Ilusio handia egiten dit egindako lanagatik sari hau jasotzeak, zeren niretzat txapelketa honetan parte hartzeko aukera izatea saria da».