Kale garbiketa mekanizatuaren zerbitzua esleitzeko prozesua ireki du Legazpiko Udalak
Zerbitzua orain ematen duen enpresak ez du kontratua luzatu nahi. Otsaileko plenoan, kontratazio plegu berrien alde bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, Legazpiko Berdeek kontra, eta EH Bilduk abstentzioa. Zerbitzua publiko bihurtzeaz eztabaidatu zuten bilkuran
Baldintza pleguak onartu eta gero, kale garbiketa mekanizatuaren zerbitzua kontratatzeko prozesuari hasiera eman dio Legazpiko Udalak otsaileko osoko bilkuran.
Asteazken iluntzean egin zuten bilera udal agintariek, udaletxeko areto nagusia jendez beteta zegoela. Gai zerrendan, kontratazio horrez gain, herritarrek aurkeztutako COVID pasaportearen aurkako mozioa ere jasota zegoen. Pleguak onartu zituzten, mozioa ez.
Aldaketak zerbitzuan
Udalak 1997ik kontratatzen du kale garbiketa mekanizatua egiteko zerbitzua, eta orain hori eskaintzen duen enpresak ez du kontratua luzatu nahi. Horregatik ireki du kontratazio prozesu berria, eta herenegun baldintza pleguak onartu zituen.
Plegu horietan, zerbitzuari dagozkion aldaketa batzuk jasotzen dira, besteak beste hainbat auzotako garbitasunaren maiztasunari dagozkionak: San Ignazion astean bi egunetik hiru egunetra pasako da, Brinkolan eta Telleriarten astean behin egin beharrean bitan egingo da, eta uda partean Urtatzazar eta Mirandaola parkeetan areagotu egingo da zerbitzua. Gainera, lau urtetik behin espaloiak sakon garbitzea ere aurreikusten dute pleguek.
Makinekin egiten den kale garbiketak urtean 170.000 euroko kostua du, eta horietatik 120.000 euro langileen ordainketarako dira.
Pleguak EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi botuekin onartu ziren. Legazpiko Berdeek aurka bozkatu zuten, eta EH Bilduk abstentzioa.
Eredu berriaren alde
Botuaren azalpenen txandan, zerbitzu hori udalak zuzenean ematearen alde agertu ziren Legazpiko Berdeak eta EH Bildu, lanpostu gehiagoren sorrera, langileen baldintza hobeak eta kostuaren merketzea argudiatuta. PSE-EE kontratazio eredua eztabaidatzeko prest agertu zen eta EAJk, aldiz, eredu berarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen.