Lintxek ireki ditu ofizialki Legazpiko Inauteriak
Katamaloak eta Doinua Musika Eskolako musikariak izan ditu ondoan pertsonai horrek. Plazan egindako agerraldiarekin lehertu da festa., eta arratsaldean eta gauean izango du segida jai giroak. Bihar Gazte Asanbladaren Inauteri eguna izango da, EITBri eskainia, eta igandean Lanzeko konpartsa kaleratuko du Sustraiak dantza taldeak.
Aurten bai, Inauteriak ospatzen ari dira Legazpin. Atzo Doinua musika eskolako musikariek emanaldia egin zuten Agirre-etxeberri parkean, gaur goizean Floren Gutierrez postariz jantzita atera da kalera, eta arratsaldean Lintx eta katamaloak ere etorri dira, igandera arte geratzeko.
Legazpiko Inauterietako osagai nagusietako batzuk dira horiek, jai giroarekin eta mozorroekin batera. Gaurko eguna goizaldera arte luzatuko da, eta kalean eta tabernetan izango da festa. Bihar gazteen eguna izango da, eta igandea, dantzariena.
Merkatariak ere ari dira Inauteriak ospatzen, eta Ilinti elkartearen ekimenez, Garagunen egindako mozorro eta apaingarriez bete dituzte erakusleihoak. Gainera, 500 euro banatuko dituzte mozorrotutako argazki lehiaketan parte hartzen ari diren legazpiarren artean.
Lintxen etorrera
Udaletxeko balkoitik iragarri dute Lintx katamotzak eta katamaloek Inauterien hasiera. Plazan zeuden musika eskolako fanfarrearen laguntzaz herritarrek abestu dituzten koplak izan dituzte lagun. Jendartean ibili dira gero, baina zarataren eta oihuen eraginez, alde egin dute.
Lintxek eta katamaloek plazatik ihes egin eta gero, inauteri giroa zabaldu da kale eta tabernetara. Mozorro ugari ikusi dira kalean, eta taberna batzuk ere egun hauetarako atondu dituzte. Festak goizaldera arte iraungo du eta bihar izango du jarraipena, Legazpiko Gazte Asanbladak prestatutako egitarauarekin, Aurten EITB gaitzat hartuta, Legazpiko gazteak mozorrotzera gonbidatu dituzte, eta dei egin diete bihar 18:00etatik aurrera kalez kale egingo duten karropoteoan parte hartzera eta 22:00etan Gaztetxean Muxutruk taldeak girotuko duen erromeriara.
Lanzeko konpartsa
Igandea izango da Legazpiko Inauterien azken eguna, eta Sustraiak dantza taldeak herritar batzuekin batera kaleratuko duen Lanzeko konpartsa izango da osagai nagusia. Goiz eta arratsalde ibiliko dira herriko auzo eta kaleetan, eta plazan amaituko dute eguna, Inauteriei amaiera emateko berriz agertuko den Lintxen agurraren ondoren eta panpina erreta.
Hauxe da egitaraua:
12:00: Konpartsa Lau Bidetik irtengo da. Ibilbidea: Laubide (oinezkoen kalea), San Inazio, Juanastegi, Bikuña Plaza, Plazaola Kalea (Kukue parean).
14:00: Konpartsakideen bazkaria Gizarte Zentroan.
17:30: Konpartsa Gizarte Zentrotik irtengo da. Ibilbidea: Gizarte Zentroa, Kale Zaharra (Karibe Zaharra parean), Kale Nagusia (Kalotx parean), Kale Nagusia (Karibe Berri eta Gurrutxaga parean), Euskal Herria plaza.
19:00: Lintxen agurra, panpina erretzea eta inauterien amaiera, Euskal Herria plazan.
Albisteak
Igandea izango da Legazpiko inauterien azken eguna. Sustraiak dantza taldeak Lapurdiko inauteriaren konpartsa kaleratuko du hainbat herritarren laguntzarekin, eta goiz eta arratsaldez ibiliko dira euren musika eta dantzarekin herriko auzo eta kaleak alaitzen. Iluntzean, plazan, Lintx panpina erre eta amaitutzat emango dira festak.