Adineko pertsonen erresidentziez eta zaintzaren negozioaz hitzaldia egingo du Ahoztar Zelaietak
Goierriko Pentsidunen elkarretaratzearen ondoren izango da hitzaldia, Barrena kultur etxean
Goierriko Pentsiodunek datorren astelehenerako, martxoak 7, deitu duten elkarretaratzera batzeko deia egin die herritar guztiei. Datorren astelehenekoa, Ordiziako Plaza Nagusian izango da, 11:00etan. Pentsio publiko duinak exijituko dituzte berriz ere.
Eta elkarretaratzearen ondoren, hitzaldi bat antolatu dute. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak zaintzaren negozioa Euskal Herrian aztertuko du. Erresidentziak SA, zaintzaren negozioa Euskal Herrian izeneko liburuan jaso du egindako lana. Fikziozko izenekin, benetako pertsonen jarduna jaso du liburuan. Astelehenean, hilak 7, Ordiziako Barrena Kultur Etxean izango da hitzaldia, 11:30etik aurrera.