Korrikalariek hiru lasterketa izango dituzte martxoan Beasainen
Martxoa kirol ekitaldien hilabetea izaten da Beasainen. Loinatz Txirrindulari Elkarteko eta Bealak lasterkarien taldeko kideek maila desberdinetako txirrindulariak eta korrikalariak elkartuko dituzte Beasainen.
Bealak taldeko kideentzat lanik handieneko hilabetea izango da seguruenik, martxoan, hiru asteburutan, hiru lasterketa egingo baitituzte.
HERRI LASTERKETA
Martxoaren 13an izango da XII. Beasaingo Herri Lasterketa. Iaz bi ibilbideak laburtu egin zituzten COVIDagatik, eta aurten ere mantendu egingo dituzte. Honela, 11 eta 5,5 kilometroko bi ibilbide izango dira aukeran, plaza-kiroldegia-Ordiziako muga arteko zirkuituan. Laburrena, bikote mistoen proba izango da. Irteera eta helmuga Kale Nagusian, udaletxeko plazaren azpian izango da. 10:30etik aurrera irteera taldekatuak egingo dituzte: lehenbizi 11 kilometrokoak eta ondoren mistokoak. herrikrosa.eus webgunean eman behar da izena.
ARRIARANGO LASTERKETA
Martxoaren 19an, Xabier Mendizabalen Oroimenezko IX. mendi lasterketa jokatuko da Arriaranen, Bealakek eta Intxaurpe elkarteak antolatuta. Goierri Kopa Traileko bigarren proba puntuagarria da. Bi ibilbide egokituko dituzte: 23 eta 11 kilometrokoak. Hori bai, aurten aldaketa nagusi bat dago: lasterketak arratsaldean izan beharrean, goizean izango dira. Proba luzeko korrikalariak 09:00etan aterako dira eta proba motzekoak, 09:45ean. rockthesport.com webgunean eman behar da izena.
Goierriko Bi Haundiak eta Marimurumendi maratoiko dortsal bana zozkatuko da parte hartzaileen artean (transferigarriak izango dira).
ERRELEBO LEHIAKETA
Korrikalari gazteenen errelebo lehiaketa ere berreskuratuko du Bealakek, martxoaren 26an. Igartza inguruko zirkuituan, goizean goizetik, erreleboka ariko dira Goierriko eskolaumeak.
Usurbe proba, txirrindulari denboraldiko lehen lasterketa
Loinatz Txirrindulari Elkarteak larunbatean ekingo dio txirrindularien lasterketen egutegiari. Martxoaren 5ean, 40. Usurbe proba, Mikel Etxeberriaren 30. oroimenezkoa jokatuko da. Lehenengo eta bigarren urteko kadeteak 11:00etan abiatuko dira Nafarroa Etorbidetik. Ia 40 kilometro egin beharko dituzte, Alegiaraino joan-etorria eta 34,2. kilometroan Olaberria igo beharko dute. 12:00ak aldera, hasitako leku berean amaituko da.
Beasaingo Caja Rural Ikolan taldeko hamabost gazte izango dira irteera puntuan: Danel Galparsoro Auzmendi, Aimar Boya Beitia, Jon Lasa Lasa, Ander Gonzalez Goikoetxea eta Amets Mujika Barandiaran beasaindarrak, Adur Arrizabalaga Begiristain eta Ander Otegi Ariztimuño zegamarrak, Hegoi Larrañaga Arakama, Iker Lopez Sanchez, Oier Makibar Sanchez eta Auritz Mendia Arrieta lazkaotarrak, Kepa Ormazabal Galdos gabiriarra, Ugutz Lasa Lardizabal idiazabaldarra, Sustrai Muxika Munduate ataundarra eta Aitzol Sodupe Lertxundi segurarra.
Martxoaren 12an, berriz, eskolarteko txirrindularien lehiaketa izango da Beasainen, benjamin, alebin eta infantil mailako txirrindulariak herrigunean osatutako zirkuituan lehiatuko dira.
Emakumeen Igartza Saria
Hilaren 20an II. Igartza Saria jokatuko da, nesken Espainiako Kopako lehenengo proba puntuagarria. Lehenengo lasterketa, kadete mailakoa, 09:00etan hasiko da. Jarraian, 10:30ean, juniorren eta masterren txanda izango da; eta 12:30ean, elite eta 23 urtez azpikoena.
Beste lau ere antolatuko ditu Loinatz Elkarteak 2022an. Ekainaren 4an, 23 urtez azpikoen Lehendakari txapelketako 71. Loinaz Proba jokatuko da. Uztailaren 3an, berriz, elite eta 23 urtez azpikoen 94. Loinaz Klasikoa. Iraileko lehenen igandean, munduko txapelketa aurreko junior mailako 41. Beasain Proba antolatuko dute. Urteko azken proba, ziklo krosa izango da; oraindik data zehaztu gabe dago.