«Euria eta lokatz pixka batekin, gure kotxea oso aproposa da»
Gabiria-Legazpia Rallyesprinta proba berezia da Iñigo Alustiza pilotuarentzat, izan ere, bi herri horien artean egin du bizimodua. Gogoz dago probari eta denboraldiari ekiteko.
Zenbat urte daramatzazu mundu honetan?
Orain 47 urte ditut, eta 14-15 urterekin autokrosetan hasi nintzen. Geroago, 2010ean federatu egin nintzen, eta orduan rallyetan hasi nintzen. Orain arteko nire ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan da. Azken bi urteetan ez dut lehiatu, adibidez, istripu baten ondorioz.
Baina errepidera itzuli zara. Zein kotxe duzu?
Peugeot 208 R2 bat. Ez da nik prestatutako kotxea, baina mantenimendua etxean egiten diogu. Lazkaoko Maialen Izagirre izango dut ondoan, kopilotu lanetan.
Zer espero duzu rally-sprint honetaz?
Zaila da podiumera igotzea, baina errepidea baldintza txarretan badago, nork daki. Euria eta lokatz pixka batekin, gure kotxea oso aproposa da.
Zer da Gabiria-Legazpi zuretzat?
Oso proba berezia da. Legazpikoa naiz, eta Gabirian bizi naiz, eta errepidea betidanik ezagutzen dut. Gainera, urteko lehena da, eta korritzen dugunak gogo handiarekin joaten gara. Zaletu asko ere izango dela badakigu. Arrakasta handia izaten duen lasterketa da hau.
Zer asmo duzu denboraldi honetarako?
Rally-sprint txapelketa egingo dut, rally pare bat ere egingo ditut, eta federazioak kategorietan egindako aldaketen ondorioz, Legend mailako probetan ere parte hartzeko aukera izango dut daukadan beste kontxearekin. Klasiko bat da, BMW M3, beste kotxea baino 20 urte eta piko zaharragoa, eta handiagoa.