Gabiria-Legazpi arteko bidean hitzordua motor munduarekin
Rally-sprintaren 24. edizioa igandean jokatu da bi herrien artean. Goierriko pilotuak eta kopilotuak daude partaideen artean. Zaletu ugari espero dituzte
Iaz abuztuan egin eta gero, ohiko datetan dator Gabiria-Legazpi rally-sprintaren 24. edizioa. Igandeaan jokatuko da, eta punta-puntako pilotuak bilduko ditu, tartean Goierriko batzuk.
Legazpiko udaletxean aurkeztu dute proba Lagun-Artea eskuderia antolatzaileko Jorge del Cidek, Koldobike Olabide eta Oier Oiarbide alkateek, Euskadiko eta Gipuzkoako federazioetako Angel Gurrutxagak eta Iñigo Cuestak, Lontxo arrandegiko Lontxo Ormazabalek, eta Gabirian bizi den Iñigo Alustiza pilotu legazpiarrak.
Goierriko ordezkariak
Gabiria eta Legazpi arteko rally-sprintak denboraldiari hasiera emango dio, eta Korta eta Motxorro arteko 6,650 metroko zirkuituko bazterrak jendez betetzea espero dute. «Rallyen mundua erritmoa berreskuratzen ari da, eta proba honetan izango diren pilotuen kopurua ikustea besterik ez dago».
Partaideak 59 dira guztira, eta horien artean hainbat goierritar daude: Alberto Marcos (Aitor Zabaleta kopilotuarekin) eta Alexander Acosta (Laura Hurtado) zumarragarrak, Xabier Mujika (Miriam Iztueta) urretxuarra, Iker Arizti (Maialen Iarza) eta Iñigo Alustiza (Maialen Izagirre) legazpiarrak eta Ugaitz Gorostidi (Mattin Alberdi) ormaiztegiarra. Olabide alkateak Legazpiko Nerea Campos kopilotu gaztea ere nabarmendu zuen.
Camposek Gorka Idigoras izango du gidari, eta faboritoen artean aipatu zituzten, Iokin Agirre-Arantzazu Araneta, Mattin Villares-Jon Zozaya, Aitor Aristregi-Mikel Izko, Gurutz Agirretxe-Hodei Insausti eta Joseba Lasa-Maitane Martiarena bikoteekin batera.
Motor festa
Legazpin hasiko da motor festa 09:00etan plazan, egiaztapen teknikoekin. Bidea 13:00ak aldera itxiko dute, eta debekatuta egongo da zirkuituan aparkatzea. Lehen pasea 14:30ean izango da, 16:20an bigarrena eta 18:10ean azkena. Sari banaketa 20:00etan izango da, Legazpin.
Segurtasun neurriak betetzea, aparkatzeko guneak errespetatzea eta, batez ere, gozatzea eskatu zuten guztien artean.