Goiturrek aurten landuko dituen sustapeneko ekintzak aurkeztu ditu Ormaiztegin
Publiko ezberdinei zuzendutako ekintzak izango dira, urte guztian zehar zein epe konkretuetan. Donostiako gida berriko kontrazalean eta barruko edukietan eskualdea azalduko da
Goitur-ek aurten egingo dituen ekintza promozionalak aurkeztu ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu du Goierriko turismo agentziak, ekintzak zehaztu, eskualdea ezagutarazi eta bertako turismoa sustatze aldera. Mikel Plazaola Goitur-eko presidenteak azaldu du hitzarmenari esker Goitur-etik ekintzak gehitu ahal izan direla, eta «hitzarmenaz aparte garrantzitsua» izan dela «aldundiaren eta Goitur-en arteko harremana sendotzeko».
Hiru ezaugarri nagusi izango ditu sustapen kanpainak: urte osoko ekintzak medio eta formatu ezberdinetan, ekintzak epe konkretuetan eta publiko ezberdinei zuzendutakoak. Niko Osinalde Goitur-eko zuzendariak eman ditu xehetasunak. «Zubirik ez dago eta egutegia txarra da aurten». Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo iragarkiak egingo dituzte urte guztirako. Tartean, Donostiako gidan Goierriko publizitatea aterako da kontrazalean eta Carlos Bengoa kazetariak eskualdeko produktu turistikoak promozionatuko ditu sare sozialen bidez.
Epe konkretuko kanpainei dagokienez, San Prudentzio ingururako Araban egingo dute promozioa, Goierrira etortzera animatuta bertako komunikabideetan. Maiatzera begira, Madril izango dute jomuga, San Isidroko jaierako. ETB-ko sare sozialen bidezko promozio digitala egingo dute. Ehunmilak eta Zegama-Aizkorri mendi lasterketetan spot-a emitituko dute streaming emanaldi guztietan.
Gastronomian, natur turismoan eta kirol turismoan oinarritutako kanpainak publiko ezberdinei zuzendutakoak izango dira. Europa mailako bisitariei zuzenduta, besteak beste, Europako Komisioko European Best Destinatios webgunean Goierriko informazioa azalduko da urte osoan.
Emaitza positiboak
Iker Goiria aldundiko Turismo Zuzendari Orokorrak Goitur-en eta aldundiaren arteko elkarlana azpimarratu du. «Ez Goierri bakarrik, Gipuzkoa bera eta Euskal Herria ere promozionatzen duzue eta eskertzekoa da». Aste Santuan emaitza positiboak izatea espero dute.