Udanako mendatea ireki dute eta bihar ohiko autobus zerbitzua martxan jarriko dute
Ia lau hilabetez egon da itxita, iazko abenduaren hasieran euriteek eragindako kalte larriak konpontzeko lanen ondorioz.
Legazpi eta Oñati arteko Udanako mendatea irekita dago berriz ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, konponketa lanak egiteko ia lau hilabetez itxita egon ondoren. Errepide osoa ireki dute, baina obrak ez dira oraindik amaitu eta gerta liteke erreietako bat berriz itxi behar izatea, falta diren lan horiengatik.
Udanatik igarotzen den GI-2630 errepidea itxita egon da iazko urte amaieratik. Euriteen ondorioz, abenduaren 10ean 50 metro luzeko eustorma bat erori zen 9,930 eta 9,980 kilometro puntuen artean, eta ibilgailuen zirkulazioa eten egin behar izan zuten, errepidea itxiz. Orduz gero, Deskargatik ibili behar izan dute ibilgailuek Legazpitik Oñatirako eta alderantzizko bideak egiteko.
Konpontze lanak ia amaituta zeudela, martxoaren 18an ziren irekitzeko errei bat, baina, garraiolarien grebaren eraginez ez zuten zabaldu. Gaurtik aurrera, berriz ere irekita dago.
Ohiko autobus zerbitzua, bihartik
Errepidea gaur irekita, bihar, apirilak 1, ohiko autobus zerbitzua jarriko du martxan Lurraldebusek. DG04 lineak lehen zuen ordutegi berarekin funtzionatuko du. Obrak iraun duten bitartean behin-behineko zerbitzua eman duen Zumarraga-Legazpi-Arrasate linea bertan behera geratuko da.