'Geure mitologia' liburua Ataunen aurkeztuko dute gaur
Urko Egañak eta Leire Derteanok egin duten Geure mitologia liburua lehen aldiz Herri Antzokian aurkeztuko dute, 18:00etan. Sarrera doan da, eta herritar guztiei irekitako ikuskizuna izango da.
Mitologiarekin lotutako proiektu baten aurkezpenaren lekuko izango da, gaur, Ataun. Urko Egañak eta Leire Derteanok egin duten Geure mitologia liburua lehen aldiz Herri Antzokian aurkeztuko dute, 18:00etan. Sarrera doan da, eta herritar guztiei irekitako ikuskizuna izango da.
Ekitaldi berezia prestatu dute, Potx eta Lotx pailazoekin eta Jentilbaratza kultur elkarteko antzezleekin. Guztira, 28 kidek parte hartuko duten ikuskizun bat prestatu dute liburuari ongietorria egiteko.
Haurrei zuzendutakoa da, berez, Geure mitologia. Bertso eta marrazki bidez barneratzen ditu irakurleak mitoen mundura. Elkar liburu-dendetan eta beste zenbaitetan eros daiteke. Ataungo aurkezpenaren ondoren ere egongo da erosteko aukera. QR kode banak audio artxiboetara eta ikus-entzunezko batera bideratzen dute, gainera. Bertsozale Elkartearen Ikasgela plataforman ere zintzilikatu dute.
Ordubeteko ikuskizuna
Liburuaren egile Egañak eta Derteanok ataundar eta goierriar guztiei egin diete gaurko saiora joateko gonbita. Ordubete inguruko ikuskizuna prestatu dute, bertso eta irudietatik eskaintza antzezpenera ere zabalduta, Josu Zubia Potx pailazoarekin eta Jentilbaratzekoekin lankidetzan. Izaki mitologikoen basoko eremura sartuko dira.