Larriki gaixo dauden presoen aldeko elkarretaratzea eta mosaikoa egingo dute bihar Itsasondon
Bihar, apirilak 7, Osasunaren nazioarteko eguna eta Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. 19:00etan egingo dute eskualdeko mobilizazioa, 'Osasun eskubidearen alde, larriki gaixo dauden presoak etxera!' lelopean. Mikel Otegi itsasondoarra eta Lierni Armendaritz beasaindarra daude preso gaixoen zerrendan.
Apirilaren 7a da bihar, Osasunaren Nazioarteko Eguna eta Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. “Bi urte daramatzagu jada COVID-19aren ondoriozko egoera ezegonkor eta ezohikoa biziz. Osasunak eta osasungintzak garrantzi berezia hartu dute azken urte hauetan eta errealitate berri honek osasun baldintzek eta gaitzen artatzeak duen garrantzia erakutsi digu. Gaurko egunez, oraindik ere osasunaren arloan egiteke daudenak plazaratuko dira, eta ez dira gutxi izango. Saretik preso daudenen osasuna ere erdigunera ekarri nahi dugu”.
Goierriko mobilizazioa Itsasondoko plazan egingo dute, 19:00etan. Mikel Otegi itsasondoarra eta Lierni Armendaritz beasaindarra daude preso gaixoen zerrendan.
Mikel Otegiren egoera
Sarek emandako datuen arabera, “18 urte daramatza kartzelan, eta horietako 11 Espainiako Estatuan. Sindrome Koronario Akutuaren Diagnostiko Medikoa du, ST inferoposterolateralarekin, 2017ko urriaren 26an Ocañako espetxean miokardio-infartua izan zuenetik eta urgentziaz ospitaleratu zutenetik. Otsailaren 11n, Iruñeko kartzelan zegoela, larrialdiko ospitaleratzea egin zioten, eta Neumonologian ospitaleratu zuten, birikan problema larria zuelako, pneumonologia-isuria, hain zuzen ere”. Arabako kartzelara ekartzeko zain jarraitzen du itsasondoarrak. Bigarren graduan dago 2018ko urriaren 16tik. Hala ere, 2020an zigorraren erdia bete zuenez, hirugarren gradua lor dezake eta kartzelatik irteteko baimenak izan ditzake.
Lierni Armendaritzen egoera
Beasaindarrak 21 urte daramatza kartzelan, eta EAEko kartzela batera ekartzeko administrazio ebazpena eman dute. Sareren esanetan, “Armendaritzek hirugarren gradua eskatu zion Martuteneko atal irekiari, baina bigarren graduan bidali zuten”. Tiroideko Carcinoma papilar eta Hipertiroidismoaren diagnostiko medikoa horregatik dago larriki gaixo dauden presoen zerrendan.