Lazkaon Txosna Batzordea festetarako prestatu da, egitaraua aurkeztuta
Jai herrikoiak ospatzeko gogoz, «indaberrituta» itzuliko direla aurreratu dute aurtengo San Prudentzio festetan. Bi ostiraletan eta bi larunbatetan kontzertuak izango dira, besteak beste.
Lazkaoko Txosna Batzordeak guztia prest dauka, bi urteko etenaren ondoren, San Prudentzio festetan jai egitarau propioa ospatzeko. Lehengo ostiral arratsean agerraldi jendetsua egin zuten plazan, belaunaldi eta adin askotako lazkaotarrek, eta aurten festak ospatzea «tokatzen» dela aurreratu dute, «pandemia guztien gainetik, gerra eta etengabeko krisi guztien gainetik».
Ohiko lekuan jarriko dute txosnen karpa, San Prudentzio eskola-etxearen aurrean. Duela 11 urte aldatu zuten txosnagunea hara. «Indar berrituta gatoz, oztopo guztiak gainditzeko asmoz, jai herrikoi batzuen alde urtero bezala gure ekarpena egin nahian», azaldu dute.
Festek iraungo duten denborarako, apirilaren 22tik 30era bitartean antolatu dituzte ekitaldiak. Tartean, bi ostiraletan eta bi larunbatetan musika kontzertuak egongo dira, baita ohiko patatata tortilla lehiaketa eta bazkaria ere. Eskerrak eman dizkie batzordeak lanean aritzen diren guztiei, hasi kartel diseinatzaileetatik, muntatzaile, tabernako langile, afari prestatzaile eta bestelako languntzaileetara.
Protokolo bereziak
Txosna gunea «gure segurua» izateko ahaleginean ari direla, eta matxismo erakustaldirik ez dutela onartuko esan dute. «Ez dugu inolako eraso motarik onartuko. Hala eta guztiz, ezer gertatzen bada ere, prest dugu kasu hauetarako protokoloa».
Bestetik, txosnetako produktuak herriko komertzioetan erosten saiatuko direla agindu dute. Ontziteria berria ere estreinatuko dute, eta herriko beste taldeen eskura ere utzi dute, aurrerantzerako. Edalontziko mezuaren nondik norakoa ere esplikatu dute: «Herriko emakume bati egiten dio erreferentzia, zoritxarrez dagoeneko gure artetik joan zena. Bere agur ekitaldiko interbentzio batean oinarrituta daude hitz hauek».
Aurreko urteetako lepoko zapia erabiltzeko eskatu dute. Antsoategin daude salgai. Bazkarirako txartelak ere bai, tabernetan. Etxeetan, euskal ikurrak jartzeko eskatu dute, apirilaren 17ko Aberri Egunetik hasita.
Txosnak apirilaren 20an muntatuko dituzte, eta maiatzaren 1ean kendu. Lehen ekitaldia, 22an, euskal presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute. «Azken euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak txosnetan ikusi arte, haien askatasuna aldarrikatzen jarraituko dugu».
Txosnetako egitaraua
LAZKAOKO JAIAK 2022
Apirilak 20. Txosna muntatzea, 15:30.
Apirilak 22 ostirala. Elkarretaratzea (20:00), irekiera ekitaldia (20:15), kontzertuak (23:30): Sua, Tzar, The Lio.
Apirilak 23 larunbata. Elkartasun argazkia (14:15), bazkaria (14:30), kontzertuak (23:30): Occhi di Farfalla, Añube, Alerta Gorria.
Apirilak 28 osteguna. Tortilla lehiaketa (17:00).
Apirilak 29 ostirala. Elektrotxufla (19:00), kontzertuak (23:30): Perlata, Xiberoots.
Apirilak 30 larunbata. Kontzertuak (22:00): DJ Tirri & Tery.
Maiatzak 1. Txosna desmuntatzea (15:30).