Ordiziako udalbatzak ez du onartu COVID pasaportearen inguruan Bizitza plataformak aurkeztutako mozioa
Udalbatzako zinegotzia guztiek ezezko bozka eman bazuten ere, gaia aztertzeko asmoa erakutsi zuen alkateak. Ordizia Orain ere "pentsamendu kritikoa sustatzeko debate bat sortzearekin" ados agertu zen
COVID-19aren hedapena saihesteko gobernuek hartu dituzten neurriak zalantzan jarri ditu Bizitzak, hala nola, COVID pasaportea, eta horren inguruko mozioa aurkeztu zuen Ordiziako martxoko udalbatzan. Gizartearen zati batek «diskriminazioa» pairatu duela salatu zuten, «diskriminazioa kirol edo kultura azpiegituretan, kirol klubetan, zahar egoitzan, ospitalean, bidaiak egiteko,…». Horrek, pertsona guztiengan izan duela eragina, baina aipamen berezia egin zioten, «haurren, nerabeen eta gazteen garapenean izan duen eraginari». Gizartearen zati bat «estigmatizatua» izan dela diote, ez txertatzeko hartutako aukerarengatik, besteak beste.
Plataformako kideek azaldu zutenez, pasaporteak, giza eskubideak urratzen ditu, baita haiek babesten dituzten hainbat lege eta nazioarteko tratatu ere, hala nola, giza eskubideen adierazpen unibertsala, Konstituzioa eta zigor kodea, besteak beste, eta arauen hierarkia urratzen duela.
Gauzak horrela, hainbat eskaera egin zizkioten Ordiziako udalbatzari: Udalak txostena egitea pasaporteak ekarri dituen diskriminazioa eta estigmatizazioaz; gaiaren inguruko eztabaida publikoa egitea; ziurtagiriaren ezarpenaren ondorioz jasandako diskriminazioa eta estigmatizazioagatik konpentsazioa; udalerrian COVID ziurtagiririk edo antzekorik inoiz gehiago ez aplikatzea; udala COVID pasaportearen intsumisoa ager dadila eta helburu berak dituzten udalerriekin koordinatuz ekintzak bultzatzea; Jaurlaritzari eskatzea ez dezala, inola ere eta inoiz gehiago hau edo antzekorik ezarri; Europar erakundeei eskatzea Europa mailan bidaiatzeko pasaportea bertan behera geratzea; eta onartutako akordioak eta ekintzak administrazioaren maila ezberdinei jakinaraztea.
Mozioak udalbatzaren ezezko bozka jaso zuen. EH Bilduko Adur Ezenarrok esan zuen «ez dugu guztiarekin bat egiten». Dena den, onartu zuen «ez dela eraginkorra» izan, eta pasaporteak gizartean izan duen eragina aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Ordizia Oraineko bozeramaileak esan zuen «kontrol sistema bat» izan dela, eta prest agertu zen, «pentsamendu kritikoa sustatzeko debate bat sortzearekin».