Sagar zukua egiteko tailerra Igartubeitin
'Egin ezazu zure sagar zukua' tailerra eskainiko du museoak hilaren 16an, 23an eta 30ean. Aurrez izena eman behar da.
Igartubeiti Baserri Museoak sagar zukua egiteko tailerra eskainiko du datozen asteburuetan. Hilaren 16an, 23an eta 30ean ‘Egin ezazu zure sagar zukua’ esperientzia sentsorial eta dinamikoa egiteko aukera izango dute herritarrek, 17:00etatik 18:30era, sagardoa egiteko modu tradizionalean oinarrituta. Sagarren usaina sentitu, pisoiekin eskuz zapaldu eta kirikoketako musika erritmoak praktikatuko dituzte parte hartzaileek. Prentsaketaren ondoren, zukua dastatzeko aukera izango da.
Hilaren 30ean, berriz, 16:30etik 18:30era, ‘Koaderno botanikoa’ 7 urtetik gorako haurrak dituzten familientzako tailerra egingo dute museoan. Baserri inguruko landareak neurtu eta marraztuko dituzte, koaderno botanikoa sortzeko. Itziar Unzurrunzagak emango du tailerra. Bi tailerretarako aurrez izena eman behar da, museora deituta edo idatzita.
Aste Santuan, hilaren 14an, 15ean, 16an eta 18an 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita museoa, eta hilaren 17an goizez bakarrik, 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak 11:00etan izango dira euskaraz, 12:30ean gazteleraz eta 17:00etan euskaraz zein gazteleraz.