Udal langileen erretiro boladari aurrea hartu dio udalbatzak
Beasaingo Udaleko langileen bataz besteko adina 50 urtekoa da. Horregatik, denbora gutxian erretiro asko izango direla aurreikusi dute. Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plan Estrategikoa diseinatu dute belaunaldi aldaketa errazteko
Beasaingo Udala odolberritu egingo da epe laburrean, egungo langile askok erretiroa hartu eta gazteagoak sartuko direlako. Udal langileen bataz besteko adina 50 urtekoa da egun. Belaunaldi aldaketa “ahalik eta modu arrazionalenean leuntzeko” Beasaingo Udaleko Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plan Estrategikoari oniritzia eman zion udalbatzak. Eudelek araututako konpentsazioak hobetzen ditu planak, “langileak bere garaian eta bere borondatez” har dezan erretiroa.
Planak erretiroa dagokiona baino lehenago hartzen dutenentzako konpentsazioak jasotzen ditu. Konpentsazio hauek Eudelek eta sindikatuek adostutako Udalhitz arautegiak ezartzen ditu, baina Beasaingo kasuan ordainetan kopuru handiagoak jasotzea adostu dute. Hiru balizko epetan hobetu dituzte konpentsazioak, zehazki: urte bateko epean, bikoan eta hirukoan. Aurreikusitakoa baino bi hilabete gehiagoko soldata jasoko dute langileek kasu horietan. Ondorioz, konpentsazioen zenbatekoa hala gelditu da: dagokiona baino sei hilabete lehenago jubilatzea adosten duen langileak 21 hilabetetako soldata jasoko du bueltan; hamabi hilabete lehenago erretiratzen denak, zortzi hilabete; 24 hilabeteren kasuan, hamaika; 36 hilabete lehenago, hamalau; eta 48 hilabete lehenago, hamazazpi.
Epea | Konpentsazioa |
Sei hilabete | 21 hilabeteko soldata |
Hamabi hilabete | Zortzi hilabeteko soldata |
24 hilabete | Hamaika hilabeteko soldata |
36 hilabete | Hamalau hilabeteko soldata |
48 hilabete | Hamazazpi hilabeteko soldata |
PSE-EEk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten. Biek nabarmendu zuten eragileekin adostutako akordioa dela. Baina abertzaleentzat are hobea izan zitekeen: “Arrazionalizazio Planak eta datozen bi urteetan egin beharreko Estabilizazio planak abagune ederrak dira udal bezala guk nabarmendu ditugun lanpostu gabeziak betetzeko. Behintzat, gabeziak non egon daitezkeen eta nola berregituratu dezakegun aztertzeko, herritarrei zerbitzu hobe bat emateko helburuarekin”, eskatu zuen Hasier Agirre zinegotziak. Aukerak baliatzeko proposamenak dituztela esan zion alkateari, eta laguntzeko prest daudela.
Leire Artola alkateak eskertu egin zuen oposizioaren babesa. EH bilduri, berriz, negoziatzeko denbora edukiko dutela erantzun zion.