«Danborradak gustatzen zaizkit, ekintza oso herrikoiak direlako»
Pello Irizar (Beasain, 1958) omenduko dute bihar, danborradan. Bere alde lan asko egin du: pieza zaharrak berreskuratu eta berriak sortu ditu. Danbor Nagusi ere izandakoa da.
Danborradan omenduko zintuztela jakin zenuenean zer sentitu zenuen?
Poztu egin nintzen, nola ez. Baina gehien gustatu zaidana izan da jendeak danborradarako sortutako piezak mantentzeko egin duen ahalegina. Hori izan da omenaldirik politena.
Errepertorioa konposatzea lana izango zen.
Hasieran Donostiako Danborradako piezak jotzen ziren. Guk errepertorio propioa nahi genuen, danborrada bertakoagoa izateko. Helburu horrekin hasi ginen herriko konposatzaile zaharren lanak berreskuratzen eta pieza berriak sortzen. Nik lau pieza sortu ditut eta beste konposatzaile batzuek, Txanbok [Ramon Modestok], Xabier Sarasolak…, beste sei. 2010ean hasi ginen eta duela hiruzpalau urte amaitu genuen.
Musikaria izanik, danborrada festetako momenturik bereziena da zuretzat?
Danborradak asko gustatzen zaizkit, ekintza oso herrikoiak iruditzen zaizkidalako: adin ezberdinetako jendea batzen du danborradak, eta hori oso handia da. Gainera, nire abestiak jotzen badituzte ba…
Aurten aldaketak izango ditu. Zuzeneko musika izango dute, esaterako. Aldaketa gustatzen zaizu?
Asko. Normala hau da, orain arte egiten zena da ezohikoa. Zuzeneko musika izateko inguruko herrietako musika bandetako musikariak etorriko dira. 50 musikari elkartuko dira, danborrariez gain. Kuadrilla polita osatuko da.
Lehen zuzeneko musika izaten zenuten?
Bai. Legazpiko, Tolosako… musika bandetatik etortzen ziren musikariak horretarako.
Danborradaren hastapenetatik zara partaide.
Danborrada 1920. hamarkadan hasi zen. Gerra garaian egiteari utzi zitzaion, eta 1979. urtean berreskuratu genuen. Lehen Danbor Nagusia izan nintzen. Gero, soldadutzara joan beharra izan nuen eta utzi egin nuen. Itzulitakoan danborradari lotuta jarraitu nuen, baina beste lan batzuetan.
Nolatan lehen Danbor Nagusia?
Frankismo garaiko festa ereduarekin amaitu nahi zen. Herritar talde bat formatu berri bat lantzen hasi ginen eta horrela suertatu zen.
Danborrada asko aldatu da?
Aldaketa esanguratsuena piezena da agian. Baina jende aldetik ere aldatu da. Hasieran jende mordoa elkartzen ginen. Zenbat ez dakit, baina asko. Horri eustea zaila da, eta normala da gora-beherak izatea. Aurten badirudi berrindartuta datorrela. Ea eustea lortzen zaion.
Danborradaz aparte beste ekintzaren batean hartzen duzu parte? Loinatz jaiak nola bizi ohi dituzu?
Beti jotzen: txistua, txaranga, berbena… Musika jotzeko festak aitzakia ona dira.
Koskola txarangako sortzaileetako bat ere bazara.
1981. urtean sortu genuen. Asko pozten naiz oraindik ere kalean entzuten ditudanean.
Txaranga mundua osasuntsu dago?
Ez dira garai errazak, ez Koskolarentzat ez inorentzat. Pandemia garaian festarik izan ez denez, geldialdiak min asko eragin du.
Txarangarekin festa asko ezagututakoa izango zara.
Tolosako inauterietara urtero urtero joaten ginen, adibidez. 30 urte, hutsik egin gabe.
Esperientziatik: Loinatz Jaien parekorik badago?
Beasaingo festak oso bereziak dira niretzat eta asko gustatzen zaizkit. Formatua gustatzen zait bereziki. Buruhauste bat baino gehiago eman zigun aldaketak, baina gutxi gorabehera hasierako formatu horri oraindik ere eusten zaionez, funtzionatzen duela izango da.
Aldatuko zenuke zerbait?
Herritarren parte hartzea bultzatu behar dela uste dut, beti.