'Ezkiogakoak' bizirik dirau
Maribel Pagolak ‘Ezkiogakoa bizirik dago oraindik’ liburua argitaratu berri du, duela ia 90 urte Ezkion gertatu omen zen Ama Birjinaren agerraldiari buruzkoa. Ezkio-Itsasoko Udalaren laguntza izan du.
Fenomenotzat jotzen ditu Maribel Pagola Pascualek (Iruñea, 1960) Ezkiogako edo Ezkioko Ama Birjinaren ustezko agerraldia eta ondorengo gertakariak, eta, bertan bizi denez, ikusmina eragin izan diote beti. Antropologia ikasten ari zela, gaian sakontzeko aukera ikusi zuen, gaur egungo egoerari erreparatuz bereziki. Pagolak liburu bihurtu du “herriaren eta herriarentzako mikroetnografia hura”. Ezkio-Itsasoko Udalaren laguntzarekin, formatu txikiko liburu bat osatu du: Ezkiogakoa bizirik dago oraindik. 50 ale kaleratu dituzte, eta udala arduratu da banaketaz; edizio digitala egitekotan dira.
Buru osasuneko erizaina da lanbidez Pagola, baina “gauzak ikasteko grina” izan du beti, eta UNED Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean Antropologia ikasten hasi zen 2008an. Ikasten ari zela egin zuen etnografia ikerketa batean du jatorria liburuak.
Aspalditik zuen gaiaren inguruko interesa. “Ezkion bizi naiz 1985etik, eta inoiz entzunda neukan herrian Ama Birjinaren agerraldi bat izan zela”, esan du. Baina 1997an William A. Christian J.R.-k idatzitako Las visiones de Ezquioga, la segunda República y el Reino de Cristo liburua ezagutzean (Ezkiogaren ikuskariak, bigarren Errepublika eta Kristoren Erreinua), “gaian sakontzeko grina” piztu zitzaion. “Sorpresa hartu nuen gertaera hark izan zuen oihartzuna ezagutzean. Aldi berean, ulergaitza egin zitzaidan bertako jendeak gertaera isildu izana. Misterio kutsua zuen isiltasun hark”.
1931ko ekainaren 30ean hasi zen guztia. Anai-arrebak ziren herriko bi umek esan zuten Ezkioko Anduagako zelaietan Ama Birjina irribarretsu bat agertu zitzaiela eta arrosarioa errezatzeko eskatu ziela. Handik gutxira, aldatu egin zen egoera, iragarle batzuk inguratu baitziren esanez Ama Birjina hark puñal bat zuela bularrean, eta zorigaitzak iragartzen zituela; tartean, Espainiako gerra”.
Anduagan, egun bakarrean, 80.000 pertsona ere elkartu ziren inoiz. “Gero eta ugariagoak ziren iragarleen bidez Ama Birjinaren mezuen lekuko izan nahi zutenak”. Laster hasi zen jarraitzaileen kontrako jazarpena. Eliza aurka agertu zen, eta 1934an agerraldiak ukatu zituen. “Ama Birjina lehen aldiz ikusi zuten umeak izan ziren kaltetuenak, eta fede oneko jende asko ere bai. Gaia klandestinitatera igaro zen, eta hala jarraitu zuen urte askoan”.
Zuzeneko testigantzak
Gertakariak ez zituzten ahaztu, baina ia-ia. “Bertakoek lotsaz bizi izan zuten guztia, eta ez dute gaiaz asko hitz egin urte hauetan”. Talde batek, ordea, bizirik mantendu du Ama Birjinarenganako fedea. Aterpe bat eraiki zioten, eta han elkartzen dira hileko bigarren igandean. Ezkiogako Ama Birjinaren Lagunak da taldea.
Gai horren inguruan ikerketa asko egin dituzte, baina Pagolak beste ikuspuntu bat eman dio liburuari. “Gaur egun memoria historikoari ematen zaion garrantzia ikusita, gaia berreskuratzea pentsatu nuen, joan-etorriko bidaia egitea, eta 1931ko agerraldi haiek gaur leku horretara joaten direnekin lotzea, bi errealitateen arteko elkarrizketa bat hasiz”.
Ustezko agerraldien lekutik gertu bizi denez, aukera izan du lekukotasunak zuzenean biltzeko. Ahozko iturriak dira, Ezkiogako Ama Birjinaren Lagunak taldekoenak eta lekuko zuzenak edo zeharkakoak izan ziren herritarrenak. Elkarrizketak egitean ezezkoak edo izenik ez jartzeko eskariak jaso ditu Pagolak. “Erreparo horiek gaia marjinala dela pentsarazi zidaten”.
Hamahiru pertsona elkarrizketatu zituen Pagolak 2014ko uztailetik 2015eko maiatzera. Lekuko zuzenak oso helduak ziren, eta haietako batzuk hilda daude jada. “Baina haien testigantzak jasota daude”. Garrantzia eman die, era berean, ezkiotarrei eta Ezkiogako Ama Birjinaren Lagunak taldekoei egindako elkarrizketei. “Talde horrentzat santutegi bat da aterpea, peregrinazio gune bat”.