57. San Martin Proba izan dute erronkatzat txirrindulari afizionatuek
Ataungo San Martin proba itzuli da aurten ere bere 57.edizioarekin, hainbat txirrindulariri 124km-ko ibilbidea egiteko erronka botaz.
Eliteko eta 23 urtez azpiko ziklistek Ataungo San Martin auzoa txirrindulari afizionatuz bete dute 57.San Martin proba egunean. 124km-ko ibilbidea egin dute parte-hartzaileek Euskadiko Txapelketarako baliagarria izango zaien lasterketan. Goizeko 10:00etan jarri dituzte oinak pedaletan eta helmugaraino gelditu ere egin gabe iritsi dira.
Bidean Abaltzisketako itzulia lau aldiz osatu dute, tartean Orendaindik pasaz. Zaldibiatik Lazkaomendira igo ondoren Urkillagarantz abiatu dira txirrindulariak, malda gogorrak tarteko; azkenik, Ataungo San Martin auzoan amaitu dute ibilbidea, txalo artean.
Ordubata aldera iritsi da lehena helmugara, Mulu Hailmichoel, gaurkoan hiru sariren jabe egin den Caja Rural taldeko txirrindularia. Muluk tarteko helmuga saria, mendiko saria eta lehenengo sailkatuarena irabazi ditu gaurkoan Ataunen, lasterketa bikaina eginez. Horrez gain, taldekako saria ere berak eraman du etxera, Caja Ruraleko taldekideekin batera. Bigarren sailkatu orokorra ere Caja Rural taldeko txirrindularia izan da, Joseba Lopez, eta podiumeko hirugarren sailkatuaren koska Laboral Kutxako Enekoitz Azparrenek bete du. Etxekoentzat ere izan dira sariak 57.San Martin proba honetan. Herritarren artean Ampo taldeko Adur Barandiaran izan da lehena helmugako marra zeharkatzen.