Bart Beasainen izan den sexu erasoa ikertzen ari dira
Beasaingo Udala osatzen duten alderdietako bozeramaleek adostutako oharrak dioenaren arabera, "une honetan, ustezko eraso baten aurrean gaudela. Jasotako gertaeraren argitzea, Ertzaintza eta mediku zerbitzuen eskuetan aurkitzen da eta ikerketak aurrera darrai. Testuinguru honen barruan, Udalak bere laguntza osoa eskaintzen dio ustezko biktima eta bere familiari". Itaiak elkarretaratzea deitu du gaur, 19:30ean, Bideluze plazan.
Bart, Loinatz jaien barruan gertatutako ustezko sexu-erasoaren aurrean, Beasaingo Udala osatzen duten alderdietako bozeramaleek adostutako oharrak dioenaren arabera, “une honetan, ustezko eraso baten aurrean” gaude. Honela, “jasotako gertaeraren argitzea, Ertzaintza eta mediku zerbitzuen eskuetan aurkitzen da eta ikerketak aurrera darrai. Testuinguru honen barruan, udalak bere laguntza osoa eskaintzen dio ustezko biktima eta bere familiari”.
Honekin batera, udal alderdiek, jaien atarian egindako adierazpen bateratua berresten dute. “Sexu-erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta onartezinak. Bereziki emakumeei egindakoak. Jaiak libre eta seguru bizi behar dira. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik. Horregatik, gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari. Udalak ere hala egingo du. Ustezko gertaera guztiak, gure herritik eta jaietatik desagerrarazteko erasoak dira”.
Itaiak, elkarretaratzea deitu du
Goierriko Itaiaren arabera, bortxaketa izan da bart Beasainen gertatutakoa eta “indarkeria matxista orori aurre egiteko” elkarretaratzea deitu du 19:30ean, Bideluze plazan.