Dantzari Txiki eguna ospatu dute Legazpin
Dantzarako gogoz iritsi dira haurrak Legazpiko kaleetara Dantzari Txiki egunean. 35. urtez ospatuko dute egun hau Korosti Dantza Taldearen eskutik.
Legazpiko kaleak musikaz eta dantzaz busti dituzte Dantzari Txiki egunean. Aurten, bi urte luzeren ondoren, 35. Dantzari Txiki eguna ospatu ahal izan dute, Korosti Dantza Taldeak antolatuta eta txoko desberdinetako hainbat talde izan dira parte-hartzaile gaurkoan Legazpin.
Kaleak dantzaz alaitzeko prest izan dira bertan Zumarraga-Urretxuko Irrintzi, Urretxuko Lurra, Antzuolako Oinarin eta Oñatiko Oñatz, Korosti eta Sustrai dantza talde legazpiarrekin batera. Dantza hauei doinuak jarriz Goiz Deia Txistulari taldea, Doinua Musika Eskolako trikitilari eta dultzaineroak eta Iratzarri Dultzaineroak izan dira bertan.
Goizeko 11:00etan bildu dira haurrak Laubiden eta ondoren, Legazpiko kaleetan zehar hasi dute desfilea, 11:45etan, Santikutz kalean behera. Nafarroa kalea eta kale nagusia igaro ondoren, plazan eman diote amaiera saioari.