Elkartasun azoka jarri du Booloo elkarteak Senegaldarren alde
Booloo elkarteak Senegaldarren aldeko elkartasun azoka egin du Legazpin, bigarren eskuko eta jatorri senegaldarko produktuak saldu dituzte bertan.
Booloo elkarteak elkartasun azoka jarri du asteburuan zehar Legazpin, Gipuzkoan bizi diren senegaldarrei laguntzeko helburuarekin. Bertan, bigarren eskuko produktuak eta senegaldar artisautza dira nagusi, besteak beste.
Azokaren antolatzaile nagusiak Booloo elkarteko emakumeak izan dira, Legazpiko elkartekideez gain. Lortutako dirua behar ekonomikoak dituzten senegaldarrei bideratuko diete; izan gaixorik daudenei, Senegalera bidaiatu behar dutenei edota janaria erosteko baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenei, kasu.
Booloo elkarteak Gipuzkoan jarduten du eta hainbat ekintza egiten ditu laguntza ekonomikoak lortzeko haien kideentzat, integrazioa eta elkartasuna sustatzeaz gain. Bere jardun nagusia Tolosan eta inguruan izan ohi da baina tarteka Gipuzkoako beste hainbat txokotan ere izaten dira, tokian tokiko elkartekideekin harremanak estutzen eta elkarlanean aritzen. Legazpin 15 senegaldar daude eta hauen laguntza izan dute azoka egiterako orduan. Azoka hau egiten duten bigarren aldia da pandemiaz geroztik, bertatik baitator ideia. Lehen azoka duela hilabete batzuk egin zuten, Tolosan, eta «sekulako arrakasta» izan zuen Boolooko kideen esanetan.