Musika kontzertua izango da San Migel baselizan larunbatean, Burdinolaren ekimenez
Doinua musika eskolako akordeoi orkestrak eta haize taldeak joko dute, 12:00etan hasita. Felix Pinillos artisauak egurrean landutako azken lana erakutsiko du, Legarian duen museora eraman aurretik.
Doinua musika eskolako haize taldeak eta akordeoi orkestrak San Migel baselizan egingo dute ikasturte amaierako kontzertua, Burdinola elkarteak gonbidatuta. Kontzertua larunbatean, hilak 18, izango da, 12:00etan. Kontzertu horren aitzakian, Felix Pinillos egur artisauaren azken lana ere ikusgai jarriko du Burdinolak, Legarian (Nafarroa) duen museora eraman aurretik.
San Migel baseliza gutxitan irekitzen da publikora, eta larunbateko hitzordurako dotoretzeko lanak egingo dituzte. Gaur garbituko dute eliza, haren zaintzailea den 94 urteko Juanito Iñurritegiren gidaritzapean.
Burdinolaren azken lanak
Burdinolak Arkeolan fundazioarekin batera Partzoneriari buruz kaleratu duen Urbia eta Altzaniako mortuak liburua salgai dago oraindik Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan. Bestalde, duela gutxi Legazpin egindako Onomastika eta burdina jardunaldiko bideoak ikusgai jarri ditu www.legazpi.eus/burdinola webgunean.