Armen alardea egin dute legazpiarrek, San Joan bezperako ohitura betez
Eskopeta tiroen hotsekin, ibilbide zaratatsua egin zuten herrian zehar, desfilea plazan amaituz. Partaideak 85etik gora ziren.
San Joan bezperan armen alardea egiteko ohitura berreskuratu zen duela urte batzuk Legazpin, Seguraren menpe zegoen garaiak gogoratzeko, eta aurten ere bete dute hitzorduarekin. Bi konpainiatan banatuta atera ziren atzo eskopeteroak arratsaldean, herrian zehar ibilbide zaratatsua eginez. Txistulariak, dultzaineroak eta txilibiteroak arduratu ziren musikaz, eta segizioa osatzeko, zaldizkoak, idiak eta hainbat laguntzaile ziren. Partaideak 85etik gora ziren guztira.
Laubiden hasi zen desfilea, eta erdigunerako bidean, geldialdia egin zuen Bikuña jauregian mokadu bat hartzeko. Amaiera plazan izan zen, partaide guztien zerrenda irakurrita eta azken eskopeta salbak botata.