Telleriarten hasi dira San Joan jaiak ospatzen
Aurtengo jaiak bi egunetan banatu dituzte. Gaurko goiza auzoko zaindariaren omenezko mezarako eta lore bedeinkapenerako izan da, eta bihar auzo bazkaria egingo dute Nekazarien Anaidian, elkartea duela 50 sortu zuten bazkideak gogoratuz.
Telleriarte auzoan San Joan jaiak ari dira ospatzen gaur goizetik. Goiz Deia txistulari taldeak egindako kalejirak ireki du biharko eguna ere hartuko duen jai egitaraua.
Gaur San Joan eguna izanda, auzoko zaindariaren omenezko meza eman dute eguerdian, eta ohiko lore bedeinkapena egin dute bertan. Ondoren, auzotarrek luntx eder bat eskaini diete bertaratutako guztiei Harri-zabala plazan jarritako karparen babesean. Arratsaldean haurrentzako jolasen txanda izango da; 18:30ean hasiko dira.
Bihar, San Joan Txiki egunean jarraituko dute jaiek. Eguneko hitzordu nagusia 14:00etan izango da, Nekazarien Anaidian, auzo bazkariarekin. Elkarte hau bere sorreraren 50. urteurrenean dago murgilduta, eta biharko bazkaria lehen bazkideei omenaldia egiteko baliatuko dute. Bazkalondoa girotzeko, trikitilariak eta bertsolariak izango dira.