Sorgintxuloren kanpaldian, giro ederra eta ekintza ugari gazteentzat
Legazpiko 50 gaztetxo, 20 begirale eta hiru sukaldari Soriako Talveila herrian daude kanpaleku batean. Hamabost eguneko egonaldia egingo dute. Itzulera, uztailaren 29an
Gurasoak lasai egon daitezke. Sorgintxuloren Soriako (Espainia) kanpaldira joandako 50 gaztetxoak, begiraleak eta sukaldariak bikain ari dira igarotzen hamabostaldia. Hala adierazi dute kanpalekuko arduradunek, orain arteko egunetan giro ederra izan dutela eta ekintza ugari egin dituztela erantsiz.
Oraindik aste bete baino gehiago geratzen zaie Sorgintxulok prestatutako abentura amaitzeko, eta onena etortzeko dagoela ere esan dute.
Soriako Talveila herrian
Bi urteko etenaren ondoren, gogoz zeuden Legazpiko gazteak Sorgintxuloren kanpaldira joateko. Klasiko bat da herrian 12 eta 16 urtekoen artean, eta izena emateko epea irekitzearekin batera, plazak berehala agortzen dira. Aurten ere hala izan da.
Soriara joan dira berriz ere, Talveila herri txikira. Joan den asteko ostiralean iritsi ziren, eta han daude, kanpin dendez eta jangela, sukaldea eta biltegia hartzen dituzten karpez osatutako kanpalekuan. Azpiegitura guztia prestatzeko aurretik joan ziren begiraleetako batzuk, baina aurten kanpaldia egiteko tokia aldatu dutenez, gaztetxoek ere lagundu behar izan dute prestaketa lan horietan.
Komitiba guztia 12 eta 16 urte bitarteko 50 gaztetxok, eta 18 eta 25 urte bitarteko 20 begiralek eta hiru sukaldarik osatzen dute. Hurrengo asteko ostiralean itzuliko dira Legazpira, uztailaren 29an, nekatuta ziurrenik, baina egundoko esperientzia bizi izanaren sentipenarekin.
Izan ere, Kanpaldi hau esperientzia ahaztezina izango da gaztetxoentzat. Sorgintxuloren egitekoari jarraituz, aisia eta euskararen erabilera uztartzea du helburu udako jarduera honek ere, gazteak herritik kanpo hamabost egunetarako aterata, elkarbizitzari ere keinu handi bat eginez. Eta elkarbizitzan oinarrituta, ekintza sorta zabala prestatzen dute kanpaldirako, horietako batzuk abentura kutsua dutenak, eta orokorrean, jolasteko eta ondo igarotzeko.
Era askotako ekintzak
Taldeetan banatuta daude gaztetxoak, eta talde bakoitzak kolore bat, lelo bat, ikur bat, abesti bat… dauka, besteengandik bereizteko. «Konkis» txapelketaren antzekoa egiteko baliagarria izango zaie bereizketa hori, baita uraren eguna, zikin eguna edo kirolaren eguna ospatzeko ere, edo gaua igarotzera ondoko herriraino egingo duten joan-etorriko ibilaldirako.
Kultur jokoak, dantzaldiak eta festak edo igerilekura irteerak ere ez dira faltako, ezta gau ekitaldiak ere, tartean gau batean izarpean lo egitea. Ekintza horietako batzuk egin dituzte dagoeneko, eta beste asko egiteke dituzte oraindik. Legazpira etorri aurreko bezperan agur festa ere egingo dute.
Legazpin, kalejira
Kanpaldia uztailaren 29an amaituko da Talveilan, baina Legazpin ordu batzuetan luzatuko da oraindik. Herrira iristean, Aizkorri kaleko autobus geralekuan jaitsiko dira partaide guztiak, eta kalejira alai eta zaratatsuan joango dira plazaraino, eta gaztetxoek agur esango diete begiraleei. San Ignazio auzoan elkartuko dira berriz ere, gauean, festetan, eta ohiturari jarraituz, denek batera fandangoa eta arin-arina dantzatuko dute.