Aulki hutsak eta maitasuna erdigune Ordiziako Txosnagunean, Preso eta Iheslarien eguneko bazkarian
Sareren eta Etxeraten ekimenez bazkaria izan dute ordiziarrek txosnagunean, Preso eta Iheslarien egunean. Jaietan ere herrian ez dauden horiei keinu bat egin nahi izan diete.
Ordiziako jaietan dena ez da jai alaia izan, batzuentzat ospakizunak ez baitira gauza bera maite dituztenak ondoan izan gabe. Horregatik, Idoia, Jon eta Mikel preso ordiziarrak gogoan izan dituzte herritarrek. Ondorioz, haien oroitzeko asmoz bazkaria antolatu dute Sarek eta Etxeratek Ordiziako Txosnagunean, “Preso eta Iheslarien eguna” izan ohi den jaietako igande honetan.
Hiru mahai izan dituzte, bi alde bateranzko orientazioarekin eta bestea kontrakoarekin, hau da, bi bertikal eta horizontal bat. Mahai horizontala aulki hutsen mahaia izan da; Mikelen, Idoiaren eta Jonen argazkiak jarri baitituzte, haien plater, edalontzi eta mahai-tresnekin, jaietan haiek falta direlako keinua eginez. Guztira 50 pertsona inguru elkartu dira bazkarian eta txosnagune pareko itzalpean bazkaltzeko aukera izan dute, eguerdiko 14:30ak aldera.














