Mokela taldea XVI. Bigantxa-futbol Txapelketa-Johan Usabiaga XII. Memorialaren txapeldun
XVI. Bigantxa-futbol Txapelketa-Johan Usabiaga XII. Memoriala egin dute ohi bezala ordiziarrek, futbola eta bigantxak uztartuz ikuskizun bikaina sortuz. Mokela Taldea izan da aurtengo txapelduna.
Jaietako lehen eguna beti da berezia, baina XVI. Bigantxa-futbol Txapelketa beti izan da Ordiziako Santa Ana Jaietako ikuskizun erakargarrienetako bat, batez ere haur eta gazteentzat. Aurten 18 taldek hartu dute parte, horien artean, emakumezkoen talde bat.
Arratsaldeko 17:45etan ireki dituzte Buztuntza Auzoko Idoiaga Plazan kokatutako zezen-plazako ateak eta ikusleak ahalik eta azkarren sartzen saiatu dira, itzaletan esertzeko aukera izan zezaten. 18:00ak aldera hasi da ikuskizuna. Lehenengo faseko lehen partida talde beteranoek jokatu dute. Partida honetan bigantxak hiruzpalau aldiz ihes egin du plazaren alboetako pasiloetara, eromena sortuz behean zeuden ikusleen artean. Jarraian, finalista izan den Sukajubar taldeak eta nesken talde bakarrak jokatu dute eta Sukajubar taldea erraztasunez gailendu da partidan. Beste hainbat partida tarteko, Mokela taldeak 9 golekin irabazi du lehen faseko partida, eta ondorioz, finalerako txartela lortu dute gol-festa dela eta.
Esan bezala, Mokela eta Sukajubar taldeak izan dira finalistak eta Mokela izan da aurtengo irabazlea, partida bikaina egin ondoren. Horrez gain, finalerako gordeta zeukaten bigantxak ere eman du jokoa, oso bizi atera baita.
Txapelketaren amaieran Mokela taldeak bere garaikurra jaso du, nesken taldearen eskutik. Nesken talde bakarra izanik txapelketan, antolakuntzak hauek garaikurra banatzea erabaki du, horrelako ekintzetan emakumezkoen presentziari garrantzia emateko asmoz.
Sari banaketaren ondoren bigantxa bat askatu dute plazan eta bertara jetsi dira ikusleak, bigantxez gozatzeko asmoz. Horrez gain, esatariak Jose Martin izan du gogoan ekitaldia agurtzerakoan, bertan ibili ohi zen eta duela gutxi zendu den laguna.
Bihar ere arratsaldeko 18:00etan bigantxak izango direla adierazi dute, jendeari gerturatzeko deia eginez.














