Beasaindarrek ez dituzte ahaztu faxistek eraildako 57 herrikideak
Loreak eta kandelak utzi dizkiete eraildakoen senitartekoek eta herritarrek. Haurrak ere izan dira, jarraipenaren seinale. Igartzako ezpata dantza ere dantzatu diete
1936ko gerran eraildako 57 beasaindarrak ez dituzte ahaztu herrikideek 86 urte geroago. Atzo omendu zituzten, euren oroimenez egindako eskulturan, faxistak Beasainen sartu ziren egunean. Hurrengo orduetan 35 lagun fusilatu zituzten. Gainerakoak gerran, hiltzera kondenatuta edo behartutako lanak egiten hil ziren frankismo betean.
Historiari errepasoa eman zioten ekitaldian. Aurretik, olerkiak, bertsoak eta kantuak eskaini zizkietan: Nerea Antxia eta Uxue Sarriegi dantzariek Igartzako ezpata dantza dantzatu zuten, Maitane Legarretak Irati Goikoetxearen Irati Goikoetxearen pieza bat errezitatu zuen eta Iñaki Apalategik ekitaldirako propio sortutako hiru bertso musikatu jarri zituen.
Eguneko unerik hunkigarriena fusilatuen, eraildakoen nahiz gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deituren irakurketak eragin zuen. 57 izen-abizenak banan-banan irakurri zituzten, Xabier Sarasolaren musikak lagunduta. Amaitutakoan, senitartekoek eta nahi zuen orok, lore eta kandela eskaintza egin zuten.
Ehun bat lagun elkartu ziren oroigarriaren inguruan. Gehienak, helduak, baina haurrak ere bazeuden. Aski biltzen garenik / ez zait iruditu / ez gaitezen etxean / eta mutu gelditu / memoriak hitzak eta hankak / behar ditu, kantatu zuen Ekaitz Goikoetxeak. Udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideak bertan zeuden.













