Frantziskotarrek Segurako bizitokia utziko dute
Frantziskotarrak agurtzeko eta arduradun berriari ongi etorria emateko herri bazkaria antolatu dute, irailaren 10ean. Txartelak salgai daude
Frantziskotarrek Segurako anaidia utziko dute eta Beasainen, Mutiloan, Idiazabalen, Seguran, Zegaman eta Zerainen ematen diztuzten zerbitzuak ere eten egingo dituzte. “Benetan izango da handia hemen utziko duten hutsunea”, diote eliztarrek.
“Bihotzez” agurtuko dituzte. Bazkari herrikoia antolatu dute horretarako. Irailaren 10ean elkartuko dira, 14:00etan, Zegamako eskolako patioan. Txartelak salgai daude jada, Idiazabalen Sindikatuan, Seguran Estankoan, Zegaman Marilu Azurmediren eta Arantxa Arrizabalagaren bidez eta Zerainen Mari Karmen Mendizabalen bidez. Helduenak 25 euro balio du eta 14 urtetik beherakoenak, 12. Abuztuaren 28a baino lehen erosi beharko dira.
Meza ere egingo dute aurretik. 12:00etan, Segurako parrokian.
Jesus Javier Dominguez izango da arduradun berria. Bazkaria ongi etorria emateko baliatuko dute, halaber.
40 urte baino gehiago
1981. urtetik bizi dira Seguran. Euren komunitatean aitortutako botoetako bati segituz, obedientzia beteko dute eta Aizkorpeko eliz elkarteak utziko dituzte. Fraile bakoitzak badaki dagoeneko bere anaidi berria zein izango den.
“Gure artean izan ditugun urte hauetan sekulako ohorea izan da herri hauetako eliztarrontzat”, diote. “Beharra izan dugun guztietan hor egon dira. Era askotako betekizunak izan dituzte: liturgia ospakizunak nahiz haur, gazte eta helduen katekesia; gaixo eta bakardadean zeudenei laguntzea; sinesmen zalantzan argia jartzea; herrietako komunitateetako parte izatea; eliza herriaren zerbitzura jartzea…”