Arantzazuko erromesaldia irailaren 8an egingo dute legazpiarrek
Bi urteko etenaren ondoren, itzuli da ohiko 'peregrinazioa'. Oinezko ibilbidea eta meza izango dira, eta autobusa ere jarriko du udalak Arantzazura joateko, baina ez da herri bazkaririk egingo.
Legazpiarrek irailaren 8an egiten duten Arantzazuko ‘peregrinazioa’ itzuli da aurten, bi urteko etenaren ondoren. Udalak autobusa jarriko du Arantzazura joateko, eta oinezko erromesaldia eta meza ere izango dira, baina ez da herri bazkaririk egingo.
Oinezko ibilaldia Udanatik gora egingo dute, eta horrela joan nahi dutenek autobusa izango dute Saturnino Telleriako biribilgunetik 07:30ean irtenda. Ohi bezala, Ama Birjinaren iturrian salda eta txorizoa banatuko dituzte.
Meza 12:00etan izango da, eta ordu horretarako Arantzazura joateko autobusa ere izango da, Legazpitik 11:00etan irtenda. Aurten bazkari herrikoirik izango ez denez, itzulerako autobusa 14:00etan aterako da handik.
Bi autobusetarako txartelak udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eskatu behar dira, abuztuaren 22tik aurrera.