Produktu berriak eta betiko ekoizleen itzulera Ordiziako Azokan
Ordiziako Azokara produktu berriak ekarri dituzte gaurkoan zenbait ekoizlek eta betiko ekoizleren bat edo beste ere itzuli da azokara etenaldi baten ondoren.
Abuztua izanik ere goizean goiztik ibili da jende ugari azokan. Goizeko 9etarako iada jende andana zebilen Ordiziako Plaza Nagusian zehar, erosketak egiten eta ekoizleekin hizketan.
Gaurkoan hainbat berrikuntza ekarri dituzte ekoizleek eta ekoizleren bat edo beste ere itzuli da azokara etenaldi baten ondoren. Horixe izan da Mugarrieta Baserriko José Antonio Aizpuru errezildarraren kasua. Hilabeteko geldialdiaren ondoren Ordiziako Plaza Nagusiko bere postura itzuli da, gogotsu eta berrikuntzak esku artean. Errezil sagarrak izan ohi dira bere eskaintza nagusia eta hauek amaitzean hilabetez geldirik egon ondoren, aran berdea hartuta etorri da bueltan, 2,50€/kg-an.
Bestelako berrikuntzak ere izan dira gaurkoan, hala nola, Goiko Etxeberri Baserriko Arantxa Zurutuz aramarrak ekarritako aran gorria eta potimarron kalabaza, 3,25€/kg eta 3€/kg-an, hurrenez hurren. Edurne Jauregi Irabi Azpi Baserriko ekoizle baliarraindarrak tronpeta kalabaza berria ekarri du, 2,80€-an kiloa. Beste zenbait ekoizlek ere badute tronpeta kalabaza baina oraingoz berria ekarri duen bakarra Jauregi da. Altzagatik ere iritsi da berrikuntzaren bat edo beste. Etxeberri Goikoa Baserriko Arantxa Lopetegik etxeko udarea ekarri du, 1,50€/kg-an.
Landareak eta perretxikuak ere izan dira gaurko azokan eta eskaintza berriak ere ikusi ahal izan ditugu produktu hauetan. Landareen kasuan, Juanita Murgiondo mutiloarrak ekarri du berrikuntza, Physalys landarearekin. Landare ikusgarria da, oso kolore biziak baititu eta sorta 4€-an du salgai Murgiondok. Perretxikuen kasuan, eskaintza zabala izan dugu gaurkoan azokan: Ziza-horia 30kg 20€-an, Onddo Korearra 5kg 20€-an, Shitake 5kg 10€-an eta Kurdu perretxikua 5kg 10€-an, besteak beste.