Goierriko txokoak ezagutu ditu Javier Hurtado Sailburuak
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak Goierriko txoko desberdinak ezagutu ditu gaurko bisitan, hala nola, Ormaiztegi, Zerain eta Segura.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu den Javier Hurtado Goierrin barrena ibili da gaur goizean, baliabide turistikoak ikusiz, Goitureko zuzendari den Niko Osinalderen laguntzaz. Ormaiztegiko, Zeraingo eta Segurako turismoaren altxorrak bisitatu ditu, hau da, herri bakoitzaren txoko adierazgarrienak gastronomia, natura, familia-turismoa eta batez ere, turismo industrialari dagokionean. “The e-Basque Route” proiektuaren parte dira udalerri hauek. Euskadiko Turismoko Kodigo Etikora moldatzen den proiektua da hau, izan ere, auto elektrikoetan egin daitezken zenbait bide daude eta ondorioz, jasangarritasunaren aldeko proiektua da. Honekin batera, baliabideen babesa eta zaintza eta bertako kulturaren garapen soziala ditu gako poriektuak.
Goizeko 10:00ak aldera iritsi da Hurtado Ormaiztegiko Zumalakarregi Museora eta bertan museoko zuzendari den Lourdes Azpiazuren agur beroa jaso du. Museoa Euskal Herriko XIX.mendeko ikerketa eta hedapen zentroa da eta bertako elementu nabarmenena nagusia Ormaiztegiko Zubibidea da.
Ondoren, Zerain izan du helmuga sailburu jaunak eta bertan, herriko alkate den Amaia Junquerak egin dio agurra. Bertan, 1711.urteko kartzela zaharra eta Museo Etnografikoa bisitatu dituzte. Museo Etnografikoan Zeraingo bizimoduaren, ohituren eta garapenaren berri ematen dute eta honi lagunduz, herraminta, altzari eta lan-tresna desberdinak ikusi ahal izan dituzte. Hauek guztiek Zeraingo prozesu historikoa azaltzen dute, antzinako nekazaritza eta abeltzaintzatik meatzaritza garaira, eta meatzaritzatik gaur egun arteko historia tartea osatuz. Jarraian, Aizkorri-Artzko Parke Naturalaren barruan kokatuta dagoen burdinaren esplotaziora egin dute bidaia bisitariek; Aizpeako Mina-konplexura, hau da, “Burdinazko Mendia” bezala ezaguna ikusi dute. Bertan, lurpeko galeriak, lokomotor errailak edo transformazio tailerrak bezalako tokiak ikusi ahal izan dituzte eta bertako industrian meatze honek izandako garrantzia azpimarratu dute.
Azken geltokia Segura izan du Javier Hurtado Sailburuak. Bertan, Segurako alkate eta Goierriko Turismo Mahaiko Presidente den Izarra Urdalletak eman dio agurra eta Erdi Aroko “Ardixarra” Interpretazio Zentroan egin dute bisita. Zentro hau XVI.mende amaierako etxe-tailerra da eta hau ikusi ondoren, herriko Erdi Aroko kaskoa ezagutu ahal izan dute, Segurako jauregi eta eraikin adierazgarrienak ikusiz eta haien arkitektura aztertuz.