Asteazkenero legez Ordiziako plaza ekoizlez beteta
Ekoizleak berriro elkartu dira Ordiziako plaza nagusian eta berrikuntza handirik gabeko goiza izan da azokan, tenperatura onean eta giro hobean.
Beste asteazken batez Goierrin daukagun azokarik entzutetsuenera iritsi dira ekoizleak haien produktuak hartuta. Giro apartean hasi da goiza Ordiziako Azokan. Gaurkoan berrikuntza askorik ez da izan Ordiziako plaza nagusiko zutabeen artean. Jose Antonio Aizpuru errezildarrak Star sagarra ekarri du, 3 euroan kiloa; baita etxeko udarea 2,50 euroan kiloa ere. Landareei dagokienean, ez da berrikuntza handirik izan eta irailera begira loreberriak ekarriko dituztela aipatu dute. Perretxikuetara joz, 95 kilogramo onddo hartuta etorri da Barcina, 24kg 34€ inguruan saldu du. Ziza-horiari dagokionean, 27 kg ekarri ditu eta 15kg 20 euroan saldu ditu eta onddo korearraren kasuan, 5kg 20€an saldu ditu. Gaurkoan ekoizleren bat edo beste falta izan da, hala nola, Agapito Garmendia lazkaotarra.