Kultura eta kirola ohiko jarduerara itzuli dira ikastaro ugari eskainita
Kultur elkarteek eskainitako ikastaroetarako izen-ematea irekita dago. Hurrengo astean hasiko dira martxan Bikuña kiroldegiko ohiko jarduerak. Kirol jarduera berriak ere proposatu ditu
Legazpiko kultura eta kirola bere ohiko jarduerara itzuli dira azken asteetako oporren ondoren. Kultur Etxearen inguruan biltzen diren elkarteek datozen egunetan hasiko dituzte urtero antolatzen dituzten ikastaroak, eta Bikuña kiroldegiak ere egun hauetan jarriko ditu martxan ohiko kirol jarduerak, baita hainbat ikastaro berri ere.
Izen-emateak irekita daude bi arloetako ikastaroetarako, bai Kultur Etxean bai kiroldegian.
Kultura, ohiko bidetik
Kultur Etxea bera ere itzuli da ohiko jarduerara, eta goiz eta arratsaldez dago irekita atzotik. Bertan eman daiteke izena herriko hainbat elkartek antolatutako marrazketa, buztingintza, eskulan, puntu eta josteko lan txikien ikastaroetarako.
Marrazketa ikastaroa Arkatzak antolatutakoa da, eta datorren asteazkenean hasiko da. Oraindik tokia dago haurren eta helduen taldeetan, eta matrikula egiteko aukera dago.
Beste ikastaroak urrian hasiko dira, eta irailaren 12tik 30era bitartean egin beharko da izen-ematea. Horietako bat da Xalinko elkarteak antolatutako buztingintza tailerra. 30 orduko iraupena izango du, eta astelehenetik ostiralera 18:30etatik 20:30etara izango da. Hastapeneko ikastaroa izango da, eta Xalinkok Euskaltegiko eraikinean duen lokalean emango dute.
Beste ikastaroak Irule elkarteak antolatu ditu, eta urrian hasi eta ekainera bitartean emango ditu, Euskaltegiko ganbaran. Eskulanetakoa astearte edo ostegunetan izango da, 15:30etik 18:00etara. Puntu ikastaroa, berriz, asteazkenetan izango da 17:30etik 19:30era. Eta amaitzeko, botoiak jostea, barrenak hartzea edo kremailerak jartzea bezalako josteko lan txikien ikastaroa ere asteazkenetan izango da 14:30etik 16:30era. Hiru ikastaro horien prezioa hileko 30 eurokoa izango da.
Kirol jarduera berriak
Bikuña kiroldegiak ere ekin dio denboraldi berriari, eta aurten berritasunez beteriko eskaintza plazaratu du ikastaroei dagokienez. Ohiko jarduerak hurrengo astelehenean, hilak 5, hasiko dira, hau da, soinketa, aqua-gym, pilates, GAP, 65 plus, igeriketa, ziklo indoor eta yoga. Baina urriaren 3an ikastaro berriak jarriko ditu martxan: K-stretch, Strong by zumba, Gazte ziklo, Entrenamendu funtzionala, Crosstraining eta Kids.
Jarduera berriak ezagutzera emateko, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte irailean.
Ikastaroak
KULTURA ARLOKOAK
· Marrazketa. Arkatzak antolatuta, hilaren 7tik aurrera.
· Buztingitza. Xalinkorekin. Urrian hasita, 30 ordu.
· Eskulanak, puntu lanak eta joste lan txikiak. Irule elkartearen eskutik, urritik ekainera, arratsaldeetan.KIROLDEGIKOAK
· Ohiko ikastaroak. Soinketa, aqua-gym, pilates, GAP, 65 plus, igeriketa, ziklo indoor eta yoga. Irailaren 5etik aurrera.
· Ikastaro berriak. K-stretch, Strong by zumba, Gazte ziklo, Entrenamendu funtzionala, Crosstraining eta Kids. Urritik.